NAIZ

Pentsiodunek deitu mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk

Pentsiodunek mobilizazioak deitu dituzte astelehen honetarako, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta. Hori hala, hauetan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk eta, era berean, pentsioak «duintzeko» akordioa eskatu die alderdi politikoei.

Pentsiodunen mobilizazio bateko artxiboko irudia. (@ehbildu)
Pentsiodunen mobilizazio bateko artxiboko irudia. (@ehbildu)

Astelehen honetan, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, mobilizazioak izango dira pentsiodunek deituta. Hori hala, hauei babesa agertu die EH Bilduk eta hainbat ordezkariren presentzia ziurtatu du –tartean Nerea Kortajarena eta Iker Casanova legebiltzarkideak eta Marian Beitialarrangoitia diputatua–.

«Mobilizazioak abiatu zirenetik egin dugun bezala, pentsioak duintzeko eta etorkizunean blindatzeko euskal pentsiodunek egiten dituzten eskaera nagusiak gure egiten ditugu», dio koalizio independentistaren oharrak.

Zentzu horretan, uste du EH Bilduk euskal pentsioak «nahikoak» izateko bidean urratsak eman behar direla, horretarako neurriak hartuz eta hauek bermatzeko politika publikoak eginez: «Gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izateko bidean urratsak ematen hasi beharra dago, euskal pentsiodunen elkarteek azpimarratzen duten moduan».

EH Bilduren arabera, «milaka eta milaka» euskal pentsiodun, «batez ere emakumeak, pobrezia egoeran daude», eta horri amaiera eman asmo dio. «Horretarako, pentsiodunen presio eta mobilizazio gaitasuna aitortzeaz eta txalotzeaz gain, ordezkari politikoen egitekoa izan behar da haien eskaerei bide instituzional eta legala ematea».

«Egoerarik okerrenean dauden euskal pentsiodunen egoera arintzea helburu izango duten neurriak eta oinarriak adosteko deia egiten diegu eragile politiko eta instituzionalei, haien ongizate ekonomiko eta soziala hobetuko duten politika publiko berriak indarrean jarrita», proposatu du EH Bilduk.