NAIZ+

Trump eta kalimotxoa

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian kalimotxoarekin egin zuen topa Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak.

 
Kalimotxoa, betiko eran. (Jon HERNAEZ / FOKU)
Kalimotxoa, betiko eran. (Jon HERNAEZ / FOKU)

Jakin bagenekien kalimotxoa AEBetara iritsi eta New Yorkeko taberna ospetsuenetan ere ezagutzen dutela, pasa den astean, haatik, Donald Trumpen eskutan ikusi genuen Euskal Herriko edari kuttuna den kalimotxoa.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian ikusi genuen Euskal Herritik mundura zabaldu den kalimotxoa, izan ere Donald Trumpek Coca Cola ligth eskatu zuen kopan zuen ardoarekin nahasteko. Kalimotxoa eskuan zuela egin zuen topa Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak.

Zeresana eragin du Trumpen keinuak. Haatik, ez da lehen aldia kalimotxoa gure mugak gainditu eta nazioartera iristen dela. Abuztuan, gure edari kuttuna ‘New York Times’ egunkari entzutetsuan irakurri ahal izan genuen. Orduko hartan 'calimotxo' hitza, 'c' eta 'tx'-rekin aipatu zuten, Boiseko erreportaje bat tarteko. Baina erreportajean jaso genuen moduan, egunkari honek maiz aipatu du gure edaria.

Algortako Portu Zaharreko jaietan asmatutako izena omen da kalimotxoa, hala jasotzen du bederen Wikipediak. Iturri honen arabera, 1972. urtera arte Rioja Libre gisa ezaguna zen edaria kalimotxoa gisa ezagutuko zen, Algortako Portu Zaharreko jaietako Antzarrak izeneko lagun taldeari esker.

Ordutik, hamaika buelta eman ditu nahasketa honek eta Pepsi markak ere bere luxuzko koktelen artean aurkeztu zuen gure kalimotxoa.