NAIZ

Bilboko Udalaren «erantzun bidegabea» hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeagatik

Bilboko Udalak Arkaitz Zarragari hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeagatik emandako erantzuna «bidegabea» dela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Aste Nagusiaren desmuntaketa lanetan ari zela liskar bat izan zuen udaltzain bati euskaraz aritzeko eskatzeagatik eta isuna jasotzeaz gain, Udalak emandako azalpena salatu du sare sozialetan.

Bi udaltzain Bilboko kaleetan. (www.behatokia.eus)
Bi udaltzain Bilboko kaleetan. (www.behatokia.eus)

Abuztu amaieran, Aste Nagusiko txosnetan desmuntaketa lanetan ari zela Arkaitz Zarragak Bilboko udaltzain batekin izandako liskarraren berri eman zuen. Azaltzen zuenez, euskaraz aritzeko eskatu zion eta bi isun jarriko zizkiotela erantzun zioten.

Gertatutakoaren inguruan azalpenak eskatu zituen EH Bilduk iraileko osoko bilkuran eta Juan Mari Aburto alkateak gezurtatu egin zuen euskaraz aritzea eskatzeagatik jaso zituela isunak.

Astelehenean Udalera bidalitako kexaren inguruan jasotako erantzuna eman du ezagutzera Zarragak sare sozialetan. Hizkuntz Eskubideen Behatokitik salatu dutenez, erantzuna «oso gogorra» eta «bidegabea» da Bilboko Udaleko Udaltzainen Zuzendariak herritarrari erantzuteko idatzian «erabilitako tonua».

«Gertaerak baloratzeko orduan desegokia iruditzen zaigu Udaltzainen buruak egitatetzat jotzea, ‘gizalege gabeko’, ‘zure kontakizuna ez dator bat egiaz gertatu zenarekin’, ‘jarrera oztopatzailea, beharbada, agentea emakumezkoa zelako’ eta horrelako balorazioak egitea, hori horrela den ziurtatu gabe», azaltzen du Behatokiak gertatutakoaren berri zabaldutako oharrean.

Aldi berean, nabarmentzen dutenez, «erantzunean esaten denaren kontrara, hizkuntzaren gaia ez da bigarren mailako kontua. Bilboko Udaltzainen Agenteen jardun profesionalaren barruan badago ere herritarra berak aukeratzen duen hizkuntzan artatzea, begirunez jokatzea eta hizkuntza-eskubideak errespetatzea».

Behatokiak dioenez, jasotzen diren kexek agerian uzten dute «gertaera hau ez dela Bilboko Udalak euskal hiztunekiko duen jokabidean gertaera isolatu bat» eta «esan behar dugu euskaldun batek euskaraz hitz egiteko nahia azaltzen duenean ez duela inor izorratzeagatik egiten, euskaraz bizi nahi duelako baizik».

«Horrelako eta antzeko egoerek herritarrengan sortzen duten nahigabearen milaka testigantza ditugu», gaineratzen dute eta Arkaitz Zarragari babesa helarazten diote «euskaraz bizitzeko ahaleginean indartsu agertzen diren guztiei».

Hemen jarraitu Arkaitz Zarragak bere twitter kontuan zabaldutako haria.