Mikel ZUBIMENDI
Arantzazu

Bi perla eskura: Euskara Batuaren Eskuliburua eta webgune berritua

Arantzazun egiten ari den Biltzarrean, atzokoan, tresna berriak aurkezteko eguna izan zuen Euskaltzaindiak. Taldean egindako lan eskergaren emaitza gisa, webgune berritua eta Euskara Batuaren Eskuliburua atera zituen plaza publikora, euskal hiztunentzat eta oro har hizkuntzaren gaineko interesa duen ororentzat erreminta paregabeak.

Aurkezpenen eguna zuen atzokoa Euskaltzaindiaren Biltzarrak. Arnas luzeko talde lanaren fruituak ezagutzera emateko egun handia. Egindako lanaz harro eta egiteko dagoenari begira suelto eta aiseago sentitzekoa. Bi perla, praktikoak, nonahi eta zernahitarako erabilgarri biak, aurkeztu zituzten: bata, Euskaltzaindiaren webgune berritua, eta, bestea, Euskara Batuaren Eskuliburua.

Andoni Sagarna euskaltzain osoaren eskutik etorri zen webgune berrituaren aurkezpena. Lehen begiratuan, gauzak hobe antolatuta, argiagoa, ikusgarriagoa, edukiak eskuragarriago. Eta begientzako dibertigarriagoa ere bada. Nabigazioa erraztea izan du kontuan lantaldeak, erabiltzaileak beti jakin dezan non dagoen eta nola iritsi edukietara. Egungo tresna guztietara egokituta dago, eta, gailua edozein dela ere, hizkuntza-baliabideak noiznahi eskura izateko ahalegin berezia dago webgune eraberrituaren atzean, hiztegiak, corpusak, hizkuntza-atlasa, gramatika, onomastika, arauak, baita Euskara Batuaren Eskuliburua bera ere, kontsultagarri daudelako sarean.

Kontsultarako nahiz lanerako tresna denez, bilaketa sistema aurreratuak ere eskaintzen ditu, eta iragazketak egiteko aukerak, tesaurus baten laguntzari esker. Kontsultagarri jarri ditu, halaber, “Euskera” agerkariaren hemeroteka, bildumak, testu-funtsak eta beste hainbat argitalpen digital ere. Horrez guztiaz gain, etengabe berritzen da informazioa, Plazaberri albistariaren bidez, agenda eguneratuz, nahiz Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan edukiak jarriz.

Bigarren harribitxiak, Euskara Batuaren Eskuliburuak alegia, ez dakar arau berririk, gaurdaino emandakoen bilduma didaktiko eta dibulgatibo bat baita. Irakasle, hizkuntza-teknikari, euskara-zuzentzaile, itzultzaile, kazetari-esatari eta hizkuntza kontuetan jakinduria duen edonorentzako liburu praktikoa. Paper gaineko kontsulta pausatuaz gain, osoagoak direnak egiteko eskura dago edizio elektronikoa ere.

Eredu emaile, ez ikas-metodo

Andres Alberdik zuzendu duen lantaldeak bi xede nagusi izan ditu: lehena, Euskaltzaindiak arauturiko esparru zabala oso-osorik laburbiltzea, eta, bigarrena, Euskaltzaindiari egin zaizkion kontsulta behinenak eta kontsulta horiei emandako erantzunak jasotzea. Nabarmentzekoa da, halaber, egileek arreta berezia jarri dutela beren gogotik eta uztatik ezer ez gehitzen.

Eskuliburuaren beraren atarikoan egileek dioten bezala, beti sortzen dira zalantzak, beti daude hutsak, asko baitira hizkuntzari erasaten dioten faktoreak. Normala ere bada euskararen batasuna amaitu ez den honetan. Batasunaz gain, baina, baita kalitatea ere. Eta saiatu dira, saiatu direnez, zalantza eta huts guztiak oinarri teorikoetan funtsatzen eta dagokien aipamen bibliografikoa egiten.

Sarrera bakoitzean argi adierazten da zer duen Euskaltzaindiak arau moduan emana, eta zer ez, zer den ebatzia eta zer den gomendioa edo hobespena. Edota non komeni den batasuna egitea. Adibide bat jartzearren, har dezagun “Zorionak” sarrera. Honokoa dio: «Interjekzio modura erabilita, guztiz jatorra da (‘Zorionak eta urte berri on!’, adibidez), baina okerra da urtebetetze hitzaren sinonimo gisa erabilita (‘Gaur nire zorionak dira’). Horren ordez, ‘Gaur nire urtebetetzea da’ / ‘Gaur nire urtebetetze-eguna da esan behar da’».

Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, tresna horrekin Euskaltzaindiak eskura jartzen du orain arte landutakoa, bidea bukatu gabe dagoela eta denon artean egin behar dela aurrera jakitun. Hurrengo pausoetarako zubi dela uste du, lehendik datorrena bildu nahi duena eta etorriko diren ekarpenak batzeko prest dena.

Finean, Euskara Batuaren Eskuliburua ez da eredu emateko ohiko eskuliburua. Ez da ikas-metodo bat, ezta Euskaltzaindiaren milaka arau, gomendio eta onespenen laburpen soil edo bilduma ere. Bere helburua prag matikoa da goitik behera. Espezialista izan gabe euskararen barne-funtzionamenduaz hausnartu nahi dutenentzat tresna da, egunerokoan hiztunen zein idazleen artean nabaritu diren akats, hiztegi-gorabehera eta zalantza pragmatiko ohikoenak begi bistan jartzea helburu duena. Eta, hartara, argibideak eta jarraibideak zinez ulergarri ematen asmatu dutela aitortu behar da.