@aimar_etxe
EDINBURGO

Hamarnaka mila manifestari Edinburgon, independentziaren alde

Independentziaren aldeko inoizko manifestaziorik handienaren lekuko izan da larunbat arratsalde honetan Edinburgo. Antolatzaileen arabera, 100.000 lagun inguru bildu ditu Eskoziako hiriburuko gaztelua eta Holyroodeko Legebiltzarra elkartu dituen martxak.

Eskoziako banderak, esteladak eta ikurrinak ikusi ahal izan dira, besteak beste. (NAIZ.EUS)
Eskoziako banderak, esteladak eta ikurrinak ikusi ahal izan dira, besteak beste. (NAIZ.EUS)

Manifestazioa hasterako sumatzen zen handia izango zela, eta hala suertatu da. Eskoziako hiriburuko ‘Royal Mile’ ezaguna independentziaren aldeko aldarriz bete dute antolatzaileen arabera larunbat arratsalde honetan Edinburgon izan diren 100.000 manifestariek.

Inoiz Eskoziako hiriburuan independentziaren alde egin den manifestaziorik handiena izan da gaurkoa, ‘All Under One Banner’ eragileak azken hilabeteetan deitu dituen manifestazioei amaiera eman diena.

Apenas entzun da oihurik Edinburgoko gaztelua eta Holyroodeko Legebiltzarra lotu dituen manifestazioan, baina zertarako oihu egin melodia batekin hainbeste esan daitekeenean. ‘Flower of Scotland’ –Eskoziako lorea– eta ‘Scotland the brave’-en doinupean osatu dute manifestariek ibilbidea.

Holyroodeko berdegunean egin dute amaierako ekitaldia, hitzartzeak eta musika tartekatu dituena. Besteak beste, bigarren independentzia erreferendum baterako apetitoa badagoela adierazi dute oholtzatik, eta dei egin diote SNPri: «Mandatua badaukazu [bigarren erreferenduma deitzeko], erabil ezazu».

Bihar, igandez, hasiko da alderdi independentistaren kurtso hasierako kongresua, Glasgown, eta asteartean egingo du bere hitzartzea Nicola Sturgeon herrialdeko lehen ministroak.