Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Euriak ez du ilundu Alternatiba ekimenak Baionari eman dion kolorea

Gaur ere milaka lagun bildu dira Baionan Alternatiba ekimenean parte hartzeko. Euriak etenik izan ez duen arren ekitaldi, hitzaldi eta kontzertuek ere ez dute atseden hartu eta atzo Paul Bert plazako oholtza nagusian behin eta berriz errepikatzen zuten leloak zihoen moduan, «Baiona klima baino beroago dago». 15.000 lagun elkartu dira Baionan asteburu honetan antolatzaileen arabera.

Mukuru ziren Baionako karrikak Alternatiba ekimenarekin. (NAIZ.EUS)
Mukuru ziren Baionako karrikak Alternatiba ekimenarekin. (NAIZ.EUS)

Hitzaldietan babes hartu dute batzuek –6.000 lagunek antolatzaileen arabera–, baina karrikak ere mukuru ziren –15.000 lagun asteburu guztian zehar–. Ehunka postu aldarri, produktu eta alternatiba berrien berri emateko. Energia berriztagarriak eskuratzeko tresneria, proiektu desberdinetan parte hartzeko bazkidetza proposamenak, ekoizpen sistema jasangarriak erakusteko postuak, bizikletak konpontzeko edo soberakinak birziklatzeko tailerrak. Bazen gaur ere zer ikusi eta ikasia Baiona ttipiko karriketan.

Paul Bert plaza edo Roland Barthes zelaia bezalako gune irekietan musikarientzako oholtzak eta barrenak berotzeko aukera paregabea eskaintzen zuten bertako produktuekin egindako mozkinak eskaintzen zituzten txosnetan ere bazen nahi adina jende, lanean zein aisialdiaz gozatzen.

Megafonia eskuan, hitzaldiren bat iragarri edo giroa animatzeko hitzaldiak eskaintzen zituzten hizlari ibiltariak ere baziren kantoietan.

Korearrez idatzitako pankarta handi batek eman zien atzo ongietorria Alternatiba bizikleta martxan parte hartu zuten txirrindulariei, Korea hegoaldean egunotan egiten ari diren herrialdeetako adituen bilkurarekin zuzenean konektatu baitzuten.

Gaur, oraindik, atzoko ekimenen aztarnak ikus zitezkeen, eta bizikleta martxarik ez bazen ere, txirrindulari anitz zen Baionako errepideetan, izan ere Baionako hotel eta apartamentuetan ostatu hartu duten ehunka bisitarik (gehienak Estatu frantseseko eskualde desberdinetatik etorritakoak) mugitzeko gailu gisa bizikleta hautatu dute.

Bestalde, gaur iragarri dute aurtengo bi erronka nagusiak bete ote diren. Lehena, milioi bat eusko moneta zirkulazioan jartzea zen eta arratsaldeko bostetan eskaini duten mitinean baieztatu dute helburua bete dutela. Hortaz, Europako tokiko lehen moneta da gaur euskoa.

Beste erronkari dagokionean, Ipar Euskal Herrian energia berriztagarriak ekoiztu eta kontsumitu ahal izateko 1.000 bazkide lortzeko helburua ezarri zuten Enargia eta I-Ener enpresek. Helburua lortu ez duten arren, «jende anitz informatzera gerturatu eta bazkidetza orriak etxera» eraman dituztela azaldu du Iban Lacoste, I-Enerreko kideak, eta ondorioz, datozen egunetan bazkidetza gehiago jasoko dituztenaren itxaropena agertu du.

Gaur ere, musika eta ikuskizunak izango dira arratsaldeko zazpietatik aurrera. Hala nola, Danakil eta Zezenaren Taldeak kontzertuak eskainiko dituzte eta haien ostean, bestak jarraituko du Zeze «elektro-flok» taldearekin, eta Clam eta Dia Dj-ekin.