naiz

EAJ eta EH Bilduk estatus berriaren oinarriak aurkeztuko dituzte Europako Legebiltzarrean

Maddalen Iriarte, EH Bilduren bozeramaile Gasteizko Parlamentuan, eta EAJko haren homologo Joseba Egibarrek Bruselan autodeterminazio eskubideari buruzko konferentzian parte hartuko dute eta bertan estatus politiko berriaren oinarriak aurkeztuko dituzte.

Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte, artxiboko irudian. (@maddaleniriarte)
Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte, artxiboko irudian. (@maddaleniriarte)

Gasteizko Parlamentuko EAJ eta EH Bilduren bozeramaileak, Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte, Bruselan izanen dira bihar, Europako Legebiltzarrean, eta Gasteizen adostutako Araba, Bizkaia eta Arabako estatus politiko berriaren oinarriak aurkeztuko dituzte bertan. Biek hartuko dute parte GUE-NGL, Berdeak-ALE eta ALDE eurotaldeek erabakitzeko eskubideaz antolatutako konferentzian.

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, «biharko konferentzian oso aukera ona dugu Euskal Herrian zabalik dugun prozesua Europarlamentuko mahai gainean jartzeko, Europako erdigunean; oso interesgarria izango da beste herri batzuen esperientziak ezagutzea eta ikasgaiak ateratzea». Konferentzian horretan herrialde askotako ordezkariek hartuko dute parte, hala nola, Katalunia, Eskozia, Faroe Uharte eta Kaledonia Berriko ordezkari desberdinak.

Kaledonia Berrian independentzia erreferenduma egingo dute azaroaren 4an eta Faroe Uhartean autodeterminazio eskubidea jasotzen duen konstituzio berria bozkatuko dute erreferendum batean datozen hilabeteotan. Eskozian, bestalde, beste independentzia erreferendum baten aukera mahai gainean dago. Nicola Sturgeonek hala baieztatuta, erabakia Londresek eta Europar Batasunak Brexitaren inguruko akordio bat adostu eta gero hartuko da.