Aimar ETXEBERRIA

Patua, eskuetatik at

Esan lezake batek inor ez dela norbere destinoaren jabe, baina ezin ukatu daiteke honen norabidean, asko ez bada ere, eragin daitekeenik. Horretan, beste zenbait gauzen artean, iaioa da SNP. Etorkizunak baino ez du esango oraingo honetan asmatu ote duen.

Konferentzia artean murgildu da azken aste hauetan Britainia Handia: hasi Alderdi Laboristatik, Kontserbadoreak ondoren, SNPren biltzarrarekin amaitzeko. Konferentziak, hein batean, norbere parrokiari hitz egiteko baliatzen dituzte alderdiek, baina bada sermoi eta sermoi artean berreskuratu daitekeenik ere, are gehiago foku nagusipean ez dauden hitzartzeetatik. Horretan, besteak beste, aritu dira Jeremy Corbyn eta Nicola Sturgeon, laboristen eta SNPren liderrak.

Hastear zen laboristen biltzarra Liverpoolen Corbynek honakoa adierazi zuenean: «Erabakia hartu behar dugun unea iristen den artean behintzat, ez diogu ezetzik esango bigarren independentzia erreferendum bati Eskozian». Erabakia hartzeko asko geratzen denean, baina, alderdiaren Eskoziako filialeko liderra jarri zuten honakoa esaten: «Alderdi Laboristak ez du bigarren independentzia erreferendumik onartuko Eskozian». Eskoziar laborismoa egun denaren adibide.

Laboristen kongresuak, baina, utzi zuen hari tira egiteko beste soka interesgarririk: hauteskunde orokorrak aurreratzearen edota Brexitaren erreferenduma bigarrenez egitearen gaineko eztabaida. Lehena hobetsi zuen Corbynek, eta bigarrenari ireki dizkio ateak Sturgeonek. SNPk, Westminsterrek hala hobetsiko balu, ez dio uko egingo Brexita bigarrenez bozkatzeari. Horra eskoziarren eskaintza laborismoari, baliatu nahiko balu. Baldintzarik gabeko eskaintza –diotenez–, baina Eskozian independentziaz bigarrenez bozkatzea erraztuko lukeena –nola esan baietz bati eta ezetz besteari–. Proposamen taktikoa SNPrena, apustuak egitera ohituta dagoen alderdiarena.

Izan ere, errazago ikusten dute eskoziar abertzaleek tratua Alderdi Laboristarekin egitea Alderdi Kontserbadorearekin baino. Tartean, baina, Theresa May ageri da, karguari azkeneraino eusteko ahalegin betean. Mayk hauteskundeak aurreratzeak soilik –mahai gainean dagoen aukera, are gauzagarriagoa Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioek porrot egingo balute–, gerturatuko luke laborismoa gobernura.

Hirugarrenen esku dago, beraz, SNPren eta harekin batera bigarren independentzia erreferendumaren patua. Bateko edo besteko, hautetsontzietatik pasako da kontua, izan Brexitaren akordioaz bozkatu edota Westminsterko Parlamentua berritzeko. Bitartean, taktika politikoa baliatzen jarraitu beharko du SNP.