Zeharo bolada ezberdinean iritsi dira Athletic eta Reala euskal derbira: hiru puntuak ezagutu gabe lehenak eta partidarik galdu gabe bigarrenak. Derbiak, baina, ez omen dute gainerako neurketekin zerikusirik, eta hala gertatu da igande arratsalde honetan ere Lezaman.
Ez da gol aukera garbirik izan lehenengo 15 minutuetan, harik eta Nuria Mendozak 18. minutuan egin duen jaurtiketak zutoinetik gertu alde egin duen. Minutu batzuk geroago iritsi da etxekoen txanda, baina Nekane Diezen jaurtiketak gutxigatik ez du ikusi atea.
37. minutuan abisua eman du Manuela Lareok, eta 42.ean sareetara bidali du baloia. Paola Soldevillak jarri dio baloia eta Lareok ez du hutsik egin. Huts eta bat markagailuan, aldageletara bideratu dira jokalariak.
Bigarren denbora ere, lehena bezala, gol aukera gutxirekin hasi da. Bazirudien Realak kontrolpean zeukala neurketa, harik eta 60.ean Lucia Garciak banakoa egin duen arte. Boladan zen jokalari zuri-gorria, izan ere, gola egin eta hiru minutura sartu du bigarrena, 63.ean.
Neurketa amaiera arte ez du Realak gol aukera gehiago sortzerik izan, eta aldaketen joan-etorrian igaro dira azken minutuak. Modu horretan, denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Athleticek, eta lehen porrota jaso Realak.
Emakumeen Ligako emaitza eta sailkapen guztiak, hemen.