NAIZ
BILBO

Aniztasuna aldarrikatuko du Durangoko Azokak 53. edizioan ‘DA! asko dira’ leloarekin

Abenduaren 5etik 9ra egingo den 53. edizioan aniztasuna aldarrikatuko du Durangoko Azokak eta horren isla da, hain zuzen, aukeratu duten leloa: ‘DA! asko dira’. Txakur Gorria sormen kolektiboa izan da aurtengo kartelaren egilea. 

Durangoko Azokaren 53. edizioaren kartela eta ildo nagusiak aurkezteko agerraldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Durangoko Azokaren 53. edizioaren kartela eta ildo nagusiak aurkezteko agerraldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako agerraldian, abenduaren 5etik 9ra egingo den 53. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu dituzte. 

Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz, Lakuako Kulturako sailburuordea; Ana de Castro, Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria; Aitziber Irigoras, Durangoko alkatea; eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendari nagusia. BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia, ‘DA! asko dira’. «Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua…», esan du.

Aniztasuna ikur

Mujikak nabarmendu duenez, «Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira»: «DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ikutu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu».

Sormenaren lurraldea ere anitza dela azpimarratu du, zentzu fisiko zein metaforikoari aipamena eginez: «Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala bezala apurtzailea».

Aniztasun hori Azokako egitarauan ere presente egongo dela adierazi du: kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu ezberdinen aurkezpenak, kultura digitala, film-emanaldiak, umeentzako tailerrak...

Azokan topatu daitezkeen produktuak (nobela, saiakera, poesia-liburu, komiki, disko, binilo, ikus-entzunezkoak...) edo bisitariak ere anitzak direla azaldu du: «Bertako korridoreetan gurutzatzen dira urtero gabonetako opariak erostera etortzen den bikotea, lehen aldiz Azokara etorri den kuadrilla agenda goitik behera begiratuta, eta nobedadeen bila datorren kulturzale amorratua».

Afixa, Txakur Gorria kolektiboaren eskutik

53. edizioaren ildo nagusien nondik norakoak azaltzeaz gain, aurtengo kartela ere aurkeztu dute. Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du afixa.

Mujikak gogoratu duenez, «azken urteetan ibilbide luzeko artistei agindu diegu enkargua eta benetako ohorea izan da Nestor Basterretxea, Itziar Ocariz, Marta Cardenas, Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers eta Jose Antonio Sistiaga bezalako artisten arte plastikoekin osatzea Azoka. Baina Azoka etengabe biziberritzen ari da eta aurtengo irudia sortzeko sortzaile berriengana jo nahi izan dugu».

Txakur Gorria sormen kolektiboa Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute. «Oso oso pozik jaso genuen Durangoko Azokako eskaera, ilusio handia egin zigun», esan dute.

Kartelean Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak islatu nahi izan dituzte.