NAIZ+

Gazte mugimenduaren urteko uzta kaxa batean bilduko du Topatuk

Euskal Herriko gazte mugimenduen urtekaria izango den ‘Kaxa’ atera nahi du bigarrenez Topatuk. Hura egikaritzeko, baina, ekarpenak biltzeko kanpaina jarri du abian.

'Kaxa', gazte mugimenduen urtekaria 2017-2018.
'Kaxa', gazte mugimenduen urtekaria 2017-2018.

Euskal Herriko gazte mugimenduek aurtengo ikasturtean egindako borrokak bildu eta urtekari batean eman nahi ditu argitara Topatu gazte komunikazio proiektuak, iaz bezala, 'Kaxa' gazte mugimenduen urtekaria sortuz.

Urtekaria, baina, egin ahal izateko laguntza ekonomikoa behar du Topatu eta diru ekarpenak biltzeko kanpaina jarri du abian itsulapikoa web orrian.

Dirua eskainiz, proiektua aurrera ateratzen laguntzeaz gainera eta urtekaria aurrez eskuratzeko aukera izango da.

Erreportaje, irudi, kronologia eta iritzi artikuluen bidez osatuko duten urtekarian mobilizazioak, asanbladak, proiektuak, protestak, gogoetak eta ametsak bildu nahi dituzte.
Askotarikoak dira gazte mugimenduek ikasturte batean emandako pausoak. Eta orain, horiek guztiak liburuxka batean bilduko ditu nahi dituzte, kutxa ireki eta modu pausatuan barruan dagoena aztertzeko.

Aurtengoan ere hiru atal izango ditu urtekariak. Lehen hilekoa, eta hemen hilabete bakoitzean gazte mugimenduetan gertaturiko gertakari garrantzitsuenak bilduko dituzte egunez egun. Erreportaje sakonak egingo dituzte Sakonean atalean, ikasturtean zehar pil-pilean izandako gaiei eta sorturiko proiektuei buruz. Aurtengoan, besteak beste, martxoak 8ko olatu feminista, gazte prekarietatea, gazte sortzaileak eta Blai gazte telebistaren proiektua landuko dituzte sakonean.

‘Etxeko uzta’ deitu duten atalean Topatu.eus webgunean sorturiko eduki berezienen bilduma osatuko dute, argazki galeriak, iritzi artikuluak, bitxikeriak, tarteko.

Durangoko Azokan aterako dute labetik urtekaria. Proiektua diru laguntzeko egin klik HEMEN.