NAIZ
DONOSTIA

Manu Lareo eta Nuria Mendozaren golek merezitako garaipena eman diote Realari Madrilen

Madrid CFF taldeari merezimendu osoz 0-2 nagusituta, garaipenaren bidea berreskuratu du Realak. Bigarren zatian iritsi dira Manu Lareo eta Nuria Mendozaren golak. [Emaitzak eta sailkapena]

Donostiarrek hobeto hasi dute partida eta arriskua ekarri duten aurreneko jokaldiak hiru kornerretan ailegatu dira, hiruak jarraian gainera. Haietako batean gola egitetik gertu izan da Leire Baños baina Paolak arriskua urrundu du.

Aukera onena, aldiz, madrildarrek burutu dute, Euniceren zentro bati esker, baina Mariasun adi egon da baloia urruntzeko.

Hortik gutxira, aurreneko gola egiteko aukera Palaciosena izan da, baina Paolak berriro ere baloia urrundu du.

Atsedenaldia iritsi arte ekinean jarraitu dute donostiarrek.

Cardona eta Manu Lareoren jokaldi bikain bati esker txuri-urdinek arriskua sortzea lortu dute, baina baloia kanpora joan da. Hurrengo minutuetan Lareo protagonista izan da berriro ere baloia zutoinera bidalita.

Bigarren zatiak ildo beretik jarraitu du. Hasi eta berehala, Kiana Palaciosek baloia langara bidali du. Saria 60. minutuan iritsi da, Carla Bautistaren erdiraketa Manu Lareok errematatu eta gero.

Hortik aurrera etxekoak berdinketaren bila joan dira eta bi aukera izan dituzte hori lortzeko, baina bikain aritu dira lanean txuri-urdinak hori ekiditeko.

Bigarren gola minutu gutxira iritsi da, korner batean, Nuria Mendozak buruz bidali du baloia sareetara. Donostiarrek partida erabakita utzi dute eta, garaipen honi esker, Realak goiko postuetan jarraitzen du.

Hurrengo jaurdunaldian Fundacion Albaceteren aurka jokatuko du Realak Zubietan.