@ibaiazparren
Altsasu

‘Utzi Altsasu bakean’ manifestazioa eginen dute larunbatean eta «askatasun gunea», igandean

Altsasuko herri batzarrak manifestazioa deitu du larunbaterako, 17:30ean, Sakanako herrian ‘Utzi Altsasu bakean’ lelopean. Igandean, aldiz, 10:00etatik aurrera, «eskubide eta askatasun gunea» antolatuko dute Iortia plazan. Modu honetan erantzun nahi izan diote Ciudadanosek, PPk eta Voxek iganderako egindako deialdiari.

Altsasuko herri asanbladak Iortian gaur egin duen agerraldia. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Altsasuko herri asanbladak Iortian gaur egin duen agerraldia. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Altsasuko herri batzarrak agerraldia egin du gaur arratsaldean Iortia kultur gunean, igandean Ciudadanos, PP eta Vox alderdiek herrian egingo duten ekitaldiaren harira antolatuko dituzten erantzunen berri eman asmoz. Hiru alderdiek antolatuko duten ekitaldia «herriarekiko beste eraso bat» dela azaldu dute. Izan ere, horren atzean «ezkutuko interesak daudela eta faxismoarekin antza osoa duen praktika» dela argitu dute: «Herri oso baten sufrimendua erabili nahi dute haien arteko lehia elektoralerako». Horren harira, Altsasu eskubide eta askatasunen ukaziorako «aitzakia eta sinboloa» bilakatu nahi dutela salatu dute.

Asanbladan adostua, larunbatean, azaroak 3, manifestazioa eginen dute herrian. 17:30etan abiatuko dira, ‘Utzi Altsasu bakean’ lelopean eta Foru Enparantzatik. Herri batzarrak erantzun «herritarra, bateratua, zabala, sendoa, duina eta bilatzen duten enfrentamendurik gabea» espero dutela azaldu du. Azken egunetan erantzun motari buruz egon den eztabaidaren inguruan, aukera ezberdinak aztertu dituztela azaldu dute, «kontsentsuzko proposamena adostu eta batzarrean onartu arte».

Igandean, berriz, «Eskubide eta askatasunen gunea» antolatuko dute Iortia plazan, 10:00etatik aurrera, non «festa giroa» egun osoan zehar luzatuko den. «Eremu irekia izango da, datozen horiek zapaltzen dituzten eskubideen isla», azaldu dute. Bertan, ekimen kulturalak, aktuazio musikalak eta parodiak egingo dituzte. Gainera, «gure herria zapaltzera etorriko direnak alde egingo dutenean festa Altsasuko kaleetan zehar hedatuko dela» zehaztu dute. Amaitzeko, dei egin diete «eraso hau salatu eta Altsaurekiko elkartasuna adierazi nahi duten guztiei» larunbateko manifestazioan eta igandeko ekitaldi horietan parte hartzera.