GARA
IRUÑEA

Emakumea, 50 urtetik gorakoa: Gurutze Gorriak zaindutako zaintzaileen profila

Gurutze Gorriak 240.000 zaintzaile ez-profesional baino gehiagori laguntzen die urtero eta horietatik kasik 200 nafarrak dira. Emakumea, 50 urtetik gorakoa; horixe da zaintzaile gehienen profila, elkarte honek eman dituen datuen arabera.

Gurutze Gorriak 240.000 zaintzaile ez-profesional baino gehiagori laguntzen die urtero eta horietatik kasik 200 nafarrak dira. Emakumea, 50 urtetik gorakoa; horixe da zaintzaile gehienen profila, elkarte honek eman dituen datuen arabera.

Pertsona Zaintzaileen Nazioarteko Eguna da gaur eta arrazoi horregatik kaleratu ditu datuok Gurutze Gorriak. Jakinarazi duenez, gero eta zahartuagoak dauden jendarteetan bizi gara. Estatu espainolean, populazioaren %18k 65 urte baino gehiago du eta etxeen %16tan mendekotasunen bat duen pertsonaren bat bizi da. Hortaz, zaintzea funtsezkoa da laguntza behar dutenek modu duinean bizitzeko aukera izan dezaten.

Nafarroan, 159.000 biztanlek 65 urteren langa gainditzen dute. Populazioaren %19 osatzen dute. Horietatik 13.700 lagunek mendekotasunen bat dute. Horren aitzinean, Gurutze Gorriak aholkatu duenez, lehentasunezkoa da zaintza lanak beren gain hartzen dituzten pertsonek babesa eta atseden uneak izatea, min fisiko eta emozionalak ekiditeko. Egiten duten lanarengatik aitorpen soziala jasotzea ere garrantzitsua da.

Eskainitako baliabideak

Gurutze Gorriak 240.000 pertsona zaintzaile ez-profesional hartzen ditu urtean (aurrez aurre edo online). Eskaintzen dituen baliabideen berri ematen die, formazio tailerrak egiten ditu, elkarri laguntzeko taldeak osatu, eta babes emozionala ematen die 2.700 laguni, tokian tokiko 700 egoitzatako taldeen bidez.

Nafarroari dagokionez, Iruñeko eta Tuterako zerbitzuen bitartez, 30 boluntario baino gehiagoren lanari esker, 188 zaintzaile zaintzen dituzte. Horietatik %89 emakumezkoak. Boluntario horiek oinarrizko papera betetzen dute proiektu honetan, besteak beste, zaintzaileei adituz eta, hala, dituzten arazoak zein diren jakinez.