NAIZ+

‘Aurrera Altsasu’, Bilboko La Salve zubiaren oihu isila

Bi urte betetzen dira gaur Altsasuko gazteen aurkako lehen sarekadatik eta urtemuga beltz hau salatzeko protestak deitu ditu Ernaik Euskal Herriko txoko ezberdinetan.

La Salveko zubia gaur goizean. (@Ernai)
La Salveko zubia gaur goizean. (@Ernai)

Guardia Zibilak Bilbon duen kuartela eta Guggenheimen museoaren artean dagoen La Salve zubiak Altsasuko auzipetuen askatasuna aldarrikatzen du. Ernai gazte erakundeak eman du pintaketaren berri eta «Altsasu Aurrera» leloa irakurri daiteke La Salveko zubiari ateratako argazkietan.

Hain justu gaur bi urte bete dira Altsasuko auziagatik aurreneko sarekada egin zela. 2016ko Altsasuko ferietako liskarraren ondoren izandako prozesu judiziala medio, zazpi auzipetu preso daude.

Urtemuga beltz honen harira, gazteen, gizarte eragileen, hedabideen, juristen eta Europako ikuspegietatik aztertuko da Altsasuko auzia, Iruñean, azaroaren 16an eta 17an #Altsasukoakaske jardunaldietan.

Euskal Herriko txoko ezberdinetara eramango du salaketa Ernaik, izan ere mobilizazio andana prestatu ditu gaur eta biharko.