Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, Sareko bozeramaileek, agerraldia egin dute Donostiako Udalean, Estatu mailan garatuko duten harreman biraren berri emateko. Duela aste batzuk Kataluniako president Quim Torrarekin bildu ziren, eta honi jarraiki, datozen asteetan espainiar Estatuko hainbat arduradun politikorekin elkartzeko asmoa adierazi dute.
Bilera hauek lotzeko eskaerekin hasiak direla jakinarazi dute. «Espetxe politikaren auzia ez da euskaldunon arazo bat, ezta gutxiago ere. Espainiar Estatuak egun indarrean duen espetxe politika hau, giza eskubideak urratu eta mendekuan oinarritzen den espetxe politika hau, Estatu mailako arazoa da». Zentzu horretan, «giza eskubideen errespetua bermatuko duen egoera baten alde lan egitea guztion ardura» dela gehitu dute.
Jakinarazi dutenez, bilera batzuk publikoak izanen dira, baina beste batzuk modu pribatuan garatu beharko dituzte.
Gogora ekarri dute azken hilabeteetan, Etxerat eta Foro Sozialarekin batera, jendarte mailan diren adostasunak instituzioetara eramateko lana abiatu dutela. Zentzu horretan kokatu dituzte Iruñea eta Gasteizko parlamentuetara eramandako adierazpenak eta sindikalgintzan lortutako adostasuna. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere babesa jaso dute eta 46 udalerrietan ere dagoeneko adierazpenak onartu dira. «Gizarte zibilaren aktibazioa bultzatu asmoz Sarek egiten duen lanarekin batera, instituzio ezberdinen konpromisoa eta bertako ordezkarien babesa artikulatzea» dute jomuga. Izan ere, «guztien elkarlana eta konpromisoa beharrezkoa dela uste dugu egoera aldatu eta elkarbizitzaren, konponbidearen zein bakearen norantzak urratsak eman ahal izateko».