naiz
Bilbo

«Espetxe politika berria», eztabaidagai bihar Bilbon, legelari eta politikarien eskutik

Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuak ‘Espetxe politika berria’ eztabaida antolatuko du bihar Bilboko egoitzan, eta bertan Emilio Olabarria, Amaia Izko, Txabi Etxeberria eta Virgilio Valero Garcia bezalako legelariak eta Amaia Arregi, Julen Arzuaga, Tinixara Guanche, Rafaela Romero eta Amaya Fernandez bezalako politikariak bilduko dira.

‘Espetxe politika berria’ eztabaida antolatu du biharko Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuak bere Bilboko egoitzan. Eztabaidak bi zati izango ditu. Alde batetik, legelarien mahaia egonen da, eta, bigarrenik, Gasteizko Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek osatutako mahaia.

17:00etatik aurrera, Emilio Olabarria, Amaia Izko, Txabi Etxeberria eta Virgilio Garcia legelariek hartuko dute hitza. Politikarien mahaia, berriz, 18:30ean abiatuko da. Bertan izanen dira Amaia Arregi (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Tinixara Guanche (Elkarrekin Podemos), Rafaela Romero (PSE) eta Amaya Fernandez (PP) legebiltzarkideak.

Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi duenez, ordezkaritza bat bidaliko du. Agus Hernan, Teresa Toda eta Nazario de Oleaga bertan izanen dira. Zentzu horretan, jendarteari dei egin diote eztabaida anitz honetan parte hartzeko.