NAIZ+

Umeen aurkako sexu abusuen erakusleiho diren hiru lekukotza gordin

Iñigo, Mirian eta Pepe. Kamera aurrean ipini eta umetan aitarengandik edo futbol entrenatzailearengandik sufritutako tratu txar eta sexu abusuak azaldu dituzte. Adin txikikoen aurkako sexu abusuen eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko eguna da gaur.

garaitza
garaitza

Iñigok umetan aitarengandik jasandako tratu txar eta sexu abusuak kamera aurrean azaldu ditu. Adin txikikoen aurkako sexu abusuen eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko eguna da gaurkoa eta Garaitza elkarteak errealitate hau ikustarazteko Iñigorena bezalako zenbait bideo zabaldu ditu sarean.

Urte eta erdi zuenean hasi zen Iñigoren infernua, orduan hasi baitziren sexu abusuak. Hamahiru urte bete arte aitak etengabe eragin zizkion sexu abusuak eta 18 urte arte luzatu ziren tratu txarrak. Guzti horrek arrasto «fisiko, psikiko eta emozionalak» utzi dizkiola aitortzen du bideoan. Eta arrasto horietako batzuk inoiz sendatuko ez direla uste duen arren, orain hiru urte eskatu zuen laguntza. Kamera aurrean jarri da orain infernu horri hitzak ipiniz.

Iñigorena ez da Garaitza elkarteak egunotan argitaratu duen lekukotza bakarra. Harrabotsa eragin du umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu duen basauriarraren testigantza. Egun 46 urte dituen gizon honek Basauriko Baskonia Futbol Eskolako entrenatzaileak abusuak egin zizkiola salatu du. Duela urte batzuk salaketa ipini bazuen ere, auziak ez zuen aurrera egin preskribatuta zegoen-eta. Lekukotza honen ostean, joan den astean beste gizon batek salatu zuen entrenatzaile bera. Baskonia Futbol Eskolak entrenatzaile postutik kendu du salatutako gizona eta mobilizazioak izan dira herria erasoak salatzeko.

Garaitza Elkartetik adierazi dutenez, 100 umetatik 20 haurrek jasan dituzte edo jasango dituzte sexu abusuak. Horietako %65 eta %85 artean familia inguruko norbaitek eragiten dituela nabarmendu du, eta kultura eta klase sozial guztietan geratzen direla gehitu ere.

Adin txikikoen aurkako sexu abusuen eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko eguna da gaur eta kontzentrazioa deitu dute Bilboko Arriaga plazan 19.00etan.

Zabaldutako hirugarren testigantza Mirianena da.