Jon Ormazabal
BILBO

Olaizola II.ak Albisu izango du atzelari Binakako Txapelketan

Iñaki Artolarekin arituko den Jon Mariezkurrena izango da ostiral honetan hasiko den Binakako Txapelketako berrikuntza nagusia. Finala Bilbon jokatuko da apirilaren 7.

Binakako Txapelketa jokatuko duten bikoteak aurkeztu dituzte gaur. (FOKU)
Binakako Txapelketa jokatuko duten bikoteak aurkeztu dituzte gaur. (FOKU)

Binakako Txapelketa jokatuko duten bikoteak aurkeztu dituzte gaur goizean Bilbon.

Urteetan abantailak eman ostean, Aimar Olaizolari ere heldu zaio atzetik laguntza pixka bat jasotzeko unea eta Asegarcek bere atzelaririk onenarekin, Jon Ander Albisurekin, jarri du ostiralean Amezketan hasiko den Binakako Txapelketarako. Enpresako ordezkari den Unai Iglesisasen arabera, «hasieratik oreka bilatu dugu. Nahi duguna txapelketa ona izatea da, bakoitzak bere erabakia hartu du, oreka bilatu dugu eta lau bikoteak antzerakoak dira».

Mikel Larunbek eskuin eskutik osatu ezinda jarraitzen duenez, Jon Mariezkurrena gaztea izango da lehiaketako berrikuntza nagusia Bilboko enpresaren aldetik, Aspen Ladis Galarzari aukera ematea erabaki duten bitartean. Eibarkoen artean, iazko bi bikotek errepikatuko dute: Elezkano-Rezustak eta Altuna III-Martijak, hain zuzen ere.

Asegarceren bikoteak

Olaizola II-Albisu
Bengoetxea VI-Imaz
Urrutikoetxea-Aretxabaleta
Artola-Mariezkurrena

Asperen bikoteak

Ezkurdia-Ladis Galarza
Altuna III-Martija
Irribarria-Zabaleta
Elezkano-Rezusta

Finala 2019ko apirilaren 7an jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Iaz Ezkurdia eta Zabaleta gailendu zitzaizkion Elezkanok eta Rezustak osatutako bikoteari.