NAIZ

Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egin dute hainbat arlotako eragileek Euskalduna Jauregian

Bilbon Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egin da gaur Euskalduna jauregian, hiriko eta Bizkaiko gizarte, kultura, politika, ekonomia eta kirol arloetako eragile eta ordezkarien parte hartzearekin. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu du «euskara eta Bilbo elkarrekin doazela eta ezin dela bata bestea gabe ulertu».

Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia Bilbon. (BILBOKO UDALA).
Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia Bilbon. (BILBOKO UDALA).

Keinu horrekin herritarrak animatu nahi izan dituzte herri ekimen honetan parte hartzera. Euskaraldia gaurtik abenduaren 3ra arte egingo da eta bere helburua euskararen praktika bultzatzea da, herritar guztiek euskaraz egin ditzaten harremanak, beti ere bakoitzaren ezagutzaren arabera.

Gaurtik aurrera eta 11 egunetan, Euskaraldia oso presente izango da Bilbo, Bizkaiko eta Euskal Herriko osoko kaleetan. Ekimen honen bitartez, euskaraz dakiten pertsona guztiak aktibatu nahi dira; euskara menderatu ez arren, ulertzen badute, euskaraz egitea erraztera eta sustatzera dei egiten zaie.

Hori dela-eta, erakundeek, eragile politiko, sozial, ekonomiko, kultural eta auzoetakoek, ekimen honen bidez, herritar guztiak animatu nahi dituzte Euskaraldian parte hartzera eta hizkuntzaren erabileran ahalduntzera. Horretarako, Ahobizi (ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute eta ezezagunei euskaraz egingo diote lehen hitza) edo Belarriprest (euskaraz ulertzen dute eta berari euskaraz egitera gonbidatuko dituzte denak) izan daitezke. Horiek dira euskararen aldeko gizarte mugimendu honetan parte hartzeko ezarri diren kategoria biak.

Gaurko ekitaldian, Aburtok eskerrak eman ditu «euskararen alde indarrak batzeagatik», eta Euskaraldiaren prestakuntza lanean hilabeteak eman direla gogoratu du: «Zenbat lan honen atzean, zenbat jende lanean, zenbat indar, eta hemen gaude».

Abenduaren 3ra arte iraungo duen ariketa soziala «sakon» sortu dela eta bilbotar ugarik parte hartzeko izena eman duela azpimarratu du. «Horregatik, gaur pozik gaudela ere esaten dugu, Bilbo eta euskara elkarrekin doazelako. Ezin da bata bestea gabe ulertu. Izugarrizko lotura dago Bilbo eta euskararen artean, eta lotura horti indartu eta landu behar dugu, eta guztiok izan behar dugu eragile hori egiteko», adierazi du.

Bestalde, bere hitzaldian, Bingen Zupiriak adierazi du euskara gaur egun Bilbon «artxipelago bat» dela, «milaka eta milaka uhartez osaturiko artxipelago bat», eta ziurtatu du Euskaraldiak aukera emango duela «artxipelago hori osatzen duten uharte guztiak elkartzeko euskarazko zubien bitartez».

«Euskaraldiarekin uharteen arteko zubi lana egingo dugu eta artxipelago hori sare bihurtuko dugu Bilbon. Milaka eta milaka gara Bilboko bizilagun euskal hiztunak, milaka eta milaka Bilbon euskara ulertu dezaketen pertsonak. Hizkuntza aktibatzea tokatzen da orain, eta hori da Euskaraldiaren eginkizuna», azaldu du.

Gaur, arratsaldeko 19:30ean, ‘Lehen Hitza’ jaia egingo da Sala BBK-n.