NAIZ
BILBO

Garaipenaren bidera itzuli ezinda jarraitzen du Athleticek (1-1)

Beste behin, aurretik jarri dira markagailuan zuri-gorriak baina berdinketa oparitu eta ia galtzen amaitu dute. Hamabi partidu daramatza Athleticek irabazi gabe. [Neurketaren xehetasunak]

Muniain, asteon albiste izan den jokalaria. (@AthleticClub)
Muniain, asteon albiste izan den jokalaria. (@AthleticClub)

Ligako lehen neurketa irabazi zuen etxean, eta ordutik ez du berriz garaipenaren zaporea ospatzerik izan Athleticek. Igande honetan, enegarrenez, berdindu egin dute zuri-gorriek eta jada hamabi neurketa daramatzate irabazi gabe.

Ezin esan neurketa gaizki hasi denik zuri-gorrientzat. Nabari zen irabaztearen behar hori jokalariengan, inolako presio edo antsietaterik gabe gainera. Hortik aurrera zer pasa den beste kontu bat da.

Unai Nuñez eta Iñigo Martinezen bi burukada izan dira Athleticen lehen zatiko gol aukera nabarmenenak, Berizzoren jokalariek lehenengo 45 minutuetan erakutsi dutenaren erakusgarri. Jokoaren kontrola bai, izan dute zuri-gorriek, baina kontrol hori ez da gol aukera garbietan bilakatu.

Bigarrengo zatia hasi bezain pronto gertu izan da Getafe neurketako lehen gola egitetik, baina sekulako gelditua egin dio Herrerinek Unai Nuñezen akats bat aprobetxatu duen Ndiayeri.

Sustoak, nonbait, mesede egin dio Athletici. San Jose izan da abisatzen lehena, eta zelairatu berria zen Nolaskoainek ez du barkatu. 67. minutua zen Beñatek area ertzean ateratako falta bat zumaiarrak sareetara bidali duenean.

Golak, baina, mesede baino kalte egin dio Athletici. Getaferi oparitu dio baloia, sufritzeari ekinez. Hala, 76.ean egin du banakoa Matak, eta gertu izan dira bisitariak azken jokaldian bigarrena egiteko. Aurrez, ordea, zutoinera bidali du baloia Adurizek.