NAIZ
BILBO

Transferentzien Batzorde Mistoan bilduko dira gaur Madril eta Lakuako gobernuak

Transferentzien Batzorde Mistoan bilduko dira gaur Madril eta Lakua. 2011tik ez da gertatu hori. Euskal Herrian elkartzen diren bigarren aldia da. 2010eko urrian Manuel Chaves ministroa eta Rodolfo Ares bildu ziren Gasteizen; biak PSOEkoak.

Sanchez eta Urkullu, iazko uztailean. (Juanan RUIZ / FOKU)
Sanchez eta Urkullu, iazko uztailean. (Juanan RUIZ / FOKU)

Bilbon gaur Meritxell Batetek eta Josu Erkorekak egingo duten bileran AP-1 autobideko Armiñon eta Gaztelako mugaren arteko tartea eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri merkantzien trenbideak Lakuako Gobernuaren eskuetan uzteko akordioa berretsiko dutela aurreikusten da.

Atzo, EAJko lehendakari Andoni Ortuzarrek gaur Bilbon egingo den bileraren garrantzia azpimarratu zuen «denbora luzean itxita egon den bide bat irekitzen delako», baina Lakuak eta Madrilek «gelditzen diren transferentziei buruzko negoziaziorako egutegi zehatz bat» adostu behar dutela gaineratu zuen.

Eskumen guztiak Lakuako Gobernuaren mende utzi behar direla gaineratu zuen Ortuzarrek. «Guztiak transferitu behar dira. Estatutuan agertzen dira, legea dira eta jendarte honen ondarea dira», esan zuen EAJko buruak.

PSEko buru Idoia Mendiak ere gai honen gaineko hitzak bota zituen alderdiaren ekitaldi batean Bilbon, Teresa Laespada Bizkaiko ahaldun nagusigai izendatzeko antolatutakoan.

Mendiaren arabera, gaur Bilbon Lakuak eta Madrilek egingo duten bilera «bi aldeek euskal autogobernuaren alde egiten duten apustuaren isla» da.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolak, berriz, espetxeen transferentzia ez dagoela «lehentasunen agendan» adierazi zuen bileraren bezperan eta joan den astean izandako ika-mika berpiztu dute. Izan ere, Marlaskak, Gasteizen zela, adierazi zuen espetxeen zaintzaren eskumena Lakuako Gobernuaren eskuetan uztea ez zegoela Madrilgo Gobernuaren agendan.