NAIZ
BIARRITZ

G7aren Biarritzeko gailurraren aurkako plataforma osatu dute hainbat eragilek

2019ko udan Biarritzen G7 taldeak egingo duen gailurraren harira ‘G7 EZ! EHtik beste mundu bat sortzen’ plataforma osatu dute hainbat eragilek. «Kapitalismoa irudikatzen duen mundua errotik aldatu» eta «beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa» dela aldarrikatu dute.

G7 EZ! plataformako kideak, Biarritzen egin duten agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
G7 EZ! plataformako kideak, Biarritzen egin duten agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Munduko zazpi potentzia ekonomikoek osatzen duten G7 taldeak –Alemania, Estatu Batuak, Japonia, Britainia Handia, Kanada, Italia eta Estatu frantsesa– gailurra egingo du 2019ko abuztuan Biarritzen eta horren karira Euskal Herriko hainbat eragilek ‘G7 EZ! EHtik beste mundu bat sortzen’ plataforma aurkeztu dute gaur Lapurdiko hiri horretan.

«Kapitalismoak irudikatzen duen mundua errotik aldatzea beharrezkoa» dela eta «beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa» dela uste dute, eta ildo horretan Euskal Herritik beren ekarpena egin nahi dute. Hala, G7aren presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari «auspoa» eman nahi diote.

Gailurraren kontra mobilizatu egingo direla iragarri dute, eta eragile guztiei dei egin diete plataforma berri honen parte izan daitezen. Gailurrak «berezitasun garrantzitsu bat» izango duela nabarmendu dute: Euskal Herrian izango dela, hots, «kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituta eta bizirik dauden lurralde batean».

ELB, ESK, Hiru, LAB, Steilas, Union Syndicale eta Solidaires sindikatuek, Amankomunak, Askapena, Bilgune Feminista, Eleak, ATTAC Pays Basque, PAF! elkartea, Genepi Baiona, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Komite Internazionalistak, Aitzina, Antikapistalistak, EELV Pays Basque, EH Bai, EH Bildu, Ensemble Pays Basque, Ernai, EPK, Ezker Anitza, Les Insoumis-e-s, Sortu, NPA Pays Basque, Gazte Komunistak, Indar Beltza, Bake Ekintza Antimilitarista, IpEH Antifaxista, Zutik/indarkeria sexisten aurkako kolektiboa eta Ikasle Ekintza daude plataforma osatzen duten eragileen artean.