Xole Aramendi
DONOSTIA

Mikel Laboaren diskografia osoa bildu du Elkarrek

Mikel Laboa hil zela hamar urte beteko dira bihar. Bere obra guztia jasotzen duen hamar disko eta DVD–a eman ditu argitara Elkar argitaletxeak, Jose Luis Zumeta artista eta Laboaren lagun minak propio diseinatutako kutxan bilduta. Donostiar musikagile eta kantariaren figura bere osotasunean datozen belaunaldiengana heltzea du helburu lanak, hala nabarmendu zuen gaur egindako aurkezpenean Laboaren emazte Mari Sol Bastidak.

Mari Sol Bastida eta Angel Valdes, gaurko aurkezpenean. (NAIZ)
Mari Sol Bastida eta Angel Valdes, gaurko aurkezpenean. (NAIZ)

‘Mikel Laboa’ izenburupean ikusi du argia bere heriotzaren hamargarren urteurrenean donostiar artistari omen egin nahi dion lanak. Aurretik argitaratutako ‘Bat-hiru’, ‘Lau-bost’, ‘Sei’, ‘Hamabi’, ‘Hamalau’, ‘Zuzenean’„ ‘Gernika zuzenean 2’, ‘60ak + 2’, ‘Lekeitioak’, ‘Xoriek’ eta beste single bat bildu ditu Elkar argitaletxeak. ‘1934-2008’ DVDa ere bertan aurkituko dute Laboaren jarraitzaileek. Denak Jose Luis Zumeta margolariak propio diseinatutako kutxan sartuta, urdin, berde, arroxa, hori... kolorez jantzita.

Mari Sol Bastidaren kezka da Mikel Laboaren figura ez ote den bere osotasunean ezagutzen. Musikagile eta kantariak sortutako abestiak entzun bai, gaur egun edonon entzuten dira eta euskal kulturgintzaren ikur ere bihurtu dira hainbat pieza, baina hark diziplina eta musika genero anitzetan egindako lana ez da sakonean ezagutzen, bere esanetan. Hala nabarmendu du gaurko aurkezpenean.

Katebegia. Transmisio horretan katebegia izan nahi du bilduma honek. Eta grabazioak originalak izateak ere berebiziko garrantzia du bizitza osoan bidaide izan zuen Bastidarentzat. Laboaren biografia zein ibilbidea jasotzen duen web orria ere (mikellaboa.eus) ezagutzera gonbidatu ditu zaleak. «Ezinbestekoa da haren obra ikasi eta ezagutzeko –adierazi du– eta bertan bildutako hemerotekak eta dokumentuek ikastetxeetan eta elkarteetan erabilpena izango balute transmisioan dugun etenari aurre egingo genioke».