Pilotakadaka uxatu dituzte Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenak euren inguruan, batez ere atzelariarengan, egon zitezkeen zalantzak eta beste garaipen sendo bati esker Binakakoaren lidergoari eutsi diote, Urrutikoetxea-Aretxabaletari Bilbon 13-22 irabazita.
Lehia orekatu antzean hasi bada ere, azkar nabaritu zaio Andoni Aretxabaletari eskuin eskuan zerbait bazuela, pilota kendu ezinda aritu baita Markina-Xemeingo atzelaria. Antza, ostiralean takoak jartzen ari zela zauri bat egin zuen eskuin eskuko hatz erakuslean eta zauri bera ireki zaio atzelariari; ostean, ezinean aritu da partida osoan.
Lehendik ere gazteen ideia atzean jokatzearena bazen, are gehiago sakondu dute ideia horretan aurkariaren ezintasunaz jabetuta, eta partida eroso xamar hautsi dute. Izan du gorrien ezintasunetik, baina urdinek ere gauzak oso ondo egin dituztela ezin da ahaztu. Bere bigarren partidan, Mariezkurrenak Tolosan bezala agindu du eta pilota gutxixeago galdu du. Iñaki Artolak ere Beotibarreko maila mantentzea lortu du, erasora pasatzeko bere uneari ondo itxaronez 5-19 aurreratu dira markagailuan.
Saiatu da Mikel Urrutikoetxea partidari buelta ematen, baina markagailua pixka bat txukuntzea baino ez du lortu Zaratamokoak.