Maider IANTZI
DONOSTIA
Elkarrizketa
MAGGIE BULLEN
ANTROPOLOGO FEMINISTA, INGELES JATORRIKO «AHOBIZIA»

«Gure hizkuntzak gehiago nahas daitezke, aurrera jarraituz»

EHUren Donostiako Hezkuntza, Filologia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da Maggie Bullen, eta bertako bulegoan hartu gaitu, hagitz «ahobizi» eta «ahogoxo». 1964an jaio zen Nedging-en (Suffolk, Ingalaterra) eta 1991tik Euskal Herrian bizi da.

Liverpoolen euskaldun batekin maitemindu eta 1991n etorri zen Maggie Bullen Euskal Herrira, inozente egunean. Kontatu digunez, Ingalaterran jendeak jeneralki gehiago aldatzen du bizilekua hemen baino, eta hona etorri baino lehen jada mugitua zen antropologoa; Paun eta Perun egona zen, besteak beste.

Pasatu izan zaren leku guztietakoa zarela aditu izan dizut.

Ingalaterrako hego-ekialdean jaio nintzen, herri txiki batean, Suffolk konderrian. 11 urte nituela beste herri txiki batera joan ginen, iparraldera, eta beste mundu bat zen. Handik Bristolera joan nintzen ikastera, hego-mendebaldera, Galesetik gertu. Eta Liverpoolen egin nuen doktoregoa. Gure familia ere sakabanatuta dago: ama Bristolen, anaia bat Brightonen, bestea Sheffielden... Orduan zaila da leku batekin lotzea.

Hemen denbora luzea daramazu mugitu gabe.

Horixe. Baina mugitu naiz! [irri egiten du]. Beti Bidasoaren inguruan. Beran bizi izan ginen lehenbizi. Haurdun gelditu nintzenean Irunera joan ginen eta 20 bat urte Hendaian egon gara. Iaztik Hondarribian bizi gara.

Hasieratik erakarri zaituzte euskarak eta euskal kulturak?

Antropologia baino lehen frantsesa eta gaztelania ikasi nituen. Asko gustatzen zaizkit hizkuntzak baina ez nuen ideiarik ere hemen beste hizkuntza bat eta kultura bat zegoenik. Etorri eta hori guztia deskubritu nuen. Pentsatu nuen hau txoko ideala zela niretzat, frantsesarekin eta gaztelaniarekin mugan dagoelako eta beste zerbait berria nuelako ikasteko.

Denbora gutxira ikasle atzerritarrei euskal kultura irakasten hasi zinen University Studies Abroad Consortium-en (USAC).

Teresa del Valleren bidez izan zen. Klaseak ematen ari zen USACen, utzi egin zuen eta ni hasi nintzen. Ez nekien ezer euskal kulturari buruz. Kulturari buruz nekien eta identitatea eta hizkuntzak ziren nire gaiak. Klaseak emanez ikasten hasi nintzen. Ingelesez ematen nituen klaseak, ikasle atzerritarrei.

AEBetara joandako euskaldunen ondorengoei, ezta?

Batzuk euskaldunen ondorengoak dira, baina denak ez. 1993an hasi nintzen klase hauekin eta orain dela bi urte arte eman ditut euskal kultura eta genero ikasketak.

Zer egiten zaizu deigarri euskal kulturatik?

Oso kultura bizia da. Hizkuntzaren inguruan mugitzen den guztiak erakartzen nau. Urteak eman ditut euskaltegietan eta zer konpromiso dagoen ikusi dut. Etorri eta segituan hasi nintzen euskara ikasten. Hiru semeak, lana eta ikasketak tartekatzen nituen. Seme batek eta biok elkarrekin atera genuen EGA. Polita izan zen. Galderara itzuliz, errituak ere oso bizirik daude, bai dantzan bai jaietan. Ingalaterran ez dago halako herri kulturarik. Horrekin lotuta, hemengo gizarte egitura ere asko interesatzen zait: familia, kuadrilla eta harreman sozialak. Nire bizitzan ikusten den bezala, gure harremanak oso sakabanatuak dira; norbere askatasunari ematen diogu garrantzia. Hemen, gizartea familiari lotua egiten da. Agian alde txarra kontrol soziala da, baina alde ona da kontrol horrek babesten gaituela. Gure semeekin ikusi nuen hori. Hendaian bizi ginen eta kalean egoten ziren. Hori pentsaezina zen Ingalaterran. Familia bazkariak instituzio bat dira hemen. Gu familiarekin bazkaltzera bagoaz ez dugu esaten ‘familia bazkaria’ dugula eta ez gara hainbeste denbora gelditzen mahaian. Hori ere gustatzen zait gaur egun. Ehun soziala zeinen trinkoa den.

Antropologo gisa altxor bat topatu zenuen.

Bai. Gero Euskal Herriko feminismoaren historia eta mugimendua ezagutu dut eta horretan aritu naiz azken urteetan. Irungo eta Hondarribiko alardeei buruz lan bat egin nuen, baita Antzuolakoari buruz ere. Azken honetan egin nuen lehenengo landa lana euskaraz. Opari bat izan zen. Gizarte eta kultur sistema ez dira estatikoak. Nola bizi ziren eta gaur egun nola bizi garen aztertzen dugu. Aldatzen doa eta hori funtsezkoa da niretzat edozein kultur sistema edo tradizio ulertzeko. Ez du galtzen aldatzen delako, hori da bere bizitza. Aitzpea Leizaola antropologo kideak traineruaren irudia erabiltzen du euskal kultura definitzeko: jendea atzera begira, baina aurrera eginez.

Ahobiziaren txapa soinean daramazu. Zer sentsazio dituzu?

Sentsazio baikorrak ditut. Hemen, Unibertsitatean, gauza asko antolatu dira. Esan behar da gure fakultatea nahiko euskalduna dela. Kalean ezberdina izan daiteke; hitz egitera ausartzen laguntzen du Euskaraldiak. Hizkuntzari lotutako gizarte mugimenduaren parte da. Ikastolen jaiak eta Korrika bezala. Zenbat energia dagoen, zenbat konpromiso, zenbat sormen eta irudimen. Musika, bertsolaritza... Euskarak mugitzen duen guztiak liluratzen nau. Etengabe ari dira gauzak egiten euskara presente egoteko, eta niri deigarria egiten zait. Bihar beste zerbait egongo da. Ezkor jarri nahi baduzu, esan dezakezu: ‘Beste bat?’, ‘Pinak?’. Beti zerbait, mantentzeko, berritzeko, beste modu batean bultzatzeko, presente egoteko: ‘E, hemen gaude!’. Nik horrela ulertzen dut Euskaraldia: ez da zerbait puntuala, prozesu luze eta zabalago batean kokatua dago.

Aldaketa handia planteatzen du, ez gaudelako ohituta euskaraz erantzuten ez digunari euskaraz egitera.

Ez da egin modu antolatuan, baina ez duzu uste egunerokoan egiten denik? Nire inguruan behintzat hizkuntzak nahasten ditugu. Txandakatu baino, nahastu. Etxean ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dugu. Euskaraldiaren izpiritua hori da, nahasmen hori ahalbidetzeko. Elebiduna izateak ez du esan nahi orain dena euskaraz egin behar duzunik eta gero gaztelaniaz edo frantsesez; dauzkagun hizkuntza horiek ehuntzen joan daitezke. Pentsa daiteke agian kalitatea galtzen dela, baina pixka bat galtzen bada... Eta hitz egin bitartean pentsatzen ari naiz... Amak, adibidez, esaten dit: ‘Hori ez da esaten ingelesez’. Nire ingelesa ez da lehengoa, baina beste hainbat hizkuntza irabazi ditut. Gertatu izan zait barkamena eskatzea nire euskaragatik eta hemengo kide batek esatea ‘uste dut utzi behar diozula barkamena eskatzeari. Zuk barkamena eskatzen baduzu, zuk baino gutxiago dakitenek zer egin behar dute?’. Agian ez baita lagungarria besteak hitz egiten ausartzeko. Gure hizkuntzak gehiago nahas daitezke, eta kategoria horiek zabaldu. Antropologia linguistikoan Juan Carlos Morenok aspaldi proposatu zuen zuk hizkuntza batean hitz egitea eta besteak bestean, elkar ulertuz. Berak sustrai bereko hizkuntzekin proposatzen zuen hori, baina euskararekin ere posible da, hemen bizi diren gaztelania edo frantses hiztunek hainbat gauza dakizkitelako euskaraz. Gainera, asko ulertzen dugu aurpegierarekin, keinuekin, testuinguruarekin... Hizkuntzak material fluido bezala ulertuta, ez bi egur bezala, baizik eta likido bezala, gehiago nahas daitezke. Gaur egun gizartea bera askoz likidoagoa da. Hizkuntzak ere elkartzen eta nahasten diren bi ibai izan daitezke, baina bakoitzak berea izaten jarraituz, aurrera segituz. Hori da polita. Aurreiritzi eta beldurrak kenduta. Nirekin oso eskuzabalak izan dira ikasketa prozesuan. Ikasteko esfortzua egiten duen edonork babesa behar du. Euskaraldiak bi alde horiek ditu: gizarte harremanak errazten ditu, eta ez du hizkuntza modu konpartimentatuan ulertzen. Gure izaeran lekuak zein hizkuntzak nahasten dira era fluido batean. Hartu-emana dago hizkuntzen artean. Babestu nahi dugu eta behar dugu, baina ez dugu ‘kutsaduran’ pentsatu behar. Ezinezkoa da marko bat jartzea hizkuntza bati. Morenok dio hizkuntzak barietateak direla. Euskalki bat barietate bat da, gazteen hizkuntza beste bat. Modu batean hitz egingo dut klasean eta beste batean lagunekin. Hala, alde batera uzten dugu garbitasunaren ideia. Arriskutsua dela uste izaten ahal dugu, baina ez dugu ezer galduko. Oso pertsona konplexuak gara, gizartea ere hala da. Artikulu bat idatz dezaket, whatsapp bat, zurekin hitz egin, amarekin, edo Ekuadorreko ikasle batekin Skypean. Komunikatzeko hizkuntza barietate ezberdinak erabiltzen ditugu eta Euskaraldia konplexutasun honetan kokatzen da.