Gaztetxoen artean kultura erein, gerora fruitua jasotzeko
Kultura maitatzen txikitatik ikasten dela badaki Durangoko Azokak, eta horregatik lehen eguna ikasleei eskaini ohi die. Jolas eta tailerren bitartez, euskal kultura eskura jartzen diete gaztetxoei, jakin dezaten egunen batean beraiek ere izan daitezkeela plaza honetara etortzen diren sortzaileak.
Arraroa da Durangoko Azoka hasi aurretiko giroa, dena prest izanik ez baitago inor. Hotz egiten du Landako Gunean, ahotsik ez da entzuten, eta bertan gaudenok badakigu laster zalaparta nagusituko dela, eta berokia eskuan eramateko adina berotuko dela giroa euskal kulturaren festa honetan. Atzo hasi zen azokaren 53. edizioa, urteak betetzen dituenaren eskarmentuarekin baina hasiberriaren ilusioarekin. Ilusio bera erakusten zuten atzoko gonbidatuek, ikasleek. Eskolan jaiegun batzuk hartu aurretik euskal kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera hau ematen zaie, eta bakarren bat hankak arrastaka eta mutur-oker ikusi bagenuen ere, lagun arteko giroan ondo pasatzeko prest gerturatu ziren gehientsuenak.
Ikasleen eguna izanik, bereziki horiei zuzendutako tailerrak izan zituzten goizean zehar. Guk hirutara joateko aukera izan genuen. Lehena, Ahotsenean –solasaldien txokoan–, Yurre Ugarte idazlearen eskutik. Gune hau, kontzertuei eskainitako Ahotsenearen partea ez bezala, Landako barruan bertan dago, zarataz inguraturik. Hala ere, talde txikiak osatuz, barnean giro intimoa sortzeko gai izan zen Ugarte. Idatzi edo jaso duten azken whatsapp mezua oinarri harturik ipuin bat idazteko eskatu zien. Laguntzeko, edota testua janzteko bidean, 15 urteko neska batek berari bidalitako mezuak pantaila batean jarri zituen; guztiak hainbat idazlek idatzitakoak. Gaztetxoentzat arraro samarrak baziren ere, batzuk moldatu ziren euren narrazioetan txertatzeko.
Orrialde oso bateko testua idazteko eskatu zien irakasleak, neurririk eman ezean bi lerro idazteko arriskua baitzegoen, eta gaztetxoek begi-zabalik begiratzen zuten parean zuten orrialde zuria. Pixkanaka, Ugarteren edo kideen laguntzarekin, euren testuak osatzen joan ziren. Lurrean eserita, ordu erdian, bakoitzak bere ipuina amaitu zuen.
Gero komeriak!, lanak guztien aurrean irakurri behar izan zituztenean. Lotsatuta batzuk, alaiago beste batzuk, ahalik eta ondoen egin zuten. Amodio istorio bat ere bazen tartean, Durangon bertan desagertzear dagoen Vendetta taldeko Peio Reparazekin argazkia atera ostean hasten den kontakizuna edota, eraginkorrena, dena beltzera joatean amaitzen den beldurrezko ipuina.
Akatsak ere izan ziren, testu batzuk besteak baino hobeak, baina taldetxoan narrazio ederrak sortu zituzten, harro egoteko modukoak, eta irudimen handia dutela erakutsi zuten pare batek. Etorkizuneko idazleak izango al dira?
Lehen taldea agurtzen eta bigarrenari bide ematen utzi genuen Ahotsenea, Plateruena Kafe Antzokira joateko. Bertan entzungo dira egun hauetan uneko musikari onenen kontzertuak, baina atzo ikaslez betea zegoen. 12.00ak ziren jada eta Luhartz erromeria taldeko kideak lehen emanaldiaren ostean eztarriak bustitzen ari ziren. Bazetozen bigarren txandako neska-mutilak, ondo pasatzera.
Taldearen lana euskal kantak transmititzea zen, eta horretarako erromeria kontzertu txiki bat eskaini zuten. Inguruetan eserita zeuden batzuk, nerabezaroan ohikoa den axolagabekeriaz, baina zorionez abeslariak agurra joko zutela iragarri zuenean hiru gaztetxo erdian jarri ziren eta doinuarekin aurreskua dantzatu zuten, gainerakoak txaloka jarriz.
Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean” etorri zen ondoren, sorbaldatik helduta kulunkaka dantzatu zutena, eta Mikel Garikoitzen “Maite ederra”-ren txanda iristean jende gehiago agertu zen dantzarako gogoz. Luhartzek kontatu zuen Estatu Batuetan euskal jaietan parte hartzera joan izan direla eta kanta horrekin dantza bat egiten dutela, eta dantza hori Euskal Herrira ekarri dutela. Norbaitek dantza hori bazekien, eta gainerakoei irakasteko eskatu zioten publikoari. Eta aurretik aurreskua dantzatu zutenek bazekiten. Kantak aurrera egin ahala dantzariak gero eta gehiago ziren.
Niko Etxartek lehenik eta Anjel Duhaldek ondoren ospetsu egin zuten “Eperra” izan zen hurrengoa, sakelako telefonoan letra bilatuz kantatu zutena, eta gero Itoizen “Lo egin”. «Esan digute DBHkoek ez duzuela kasurik egiten, baina gu oso gustura gaude», esan zuen taldeko teklistak gaztetxoak ematen ari ziren erantzun onagatik eskerrak emanez. Ertzainak-en “Aitormena”-rekin zoramena iritsi zen eta Kortaturen “Sarri, Sarri”-k oraindik lurrean eserita jarraitzen zuten gutxi horiek altxatzera behartu zituen. Tapia eta Leturiaren “Hik lan eta nik jai”-k erromeria kutsua eman zion ospakizunari, eta amaitzeko Itoiz hautatu zuten berriro, ez dagoelako euskal festarik “Lau teilatu”-rik gabe.
Bitartean, Irudienean –merkatuaren ondoan– beste taldetxo bat zegoen zineman soinu efektuak nola egiten diren ikasten. Animaziozko bideo txiki bat jarri zuten, mutuan, non hartz bat leihoa garbitzen saiatzen ari zen. Ikasleak, musika tresna edota objektu arrunten bitartez, gertatzen ari zena soinuz islatzen saiatu ziren. Hona hemen zinemaren magia.