Soinu arazoak medio, bost aldiz eman zizkigun atzo egun onak Bernardo Atxagak “Soinujolearen semea” filmaren aurkezpenera joan ginenei. Azkenean, etsita eta filmaren zuzendari Fernando Bernuesen «pues habla un poco más alto» eskariari men eginda, ahotsa goratuta ekin zion aurkezpenari. Sortzaileak «jendearen munduaren hoberena» bilatu behar duela hausnartu eta berak filmak oinarri duen “Soinujolearen semea” (2003) idatzi zuenean barne ahotsari heldu ziola adierazi zuen: «Jendea, lurra, bizimodua... barne-barnetik ezagututa idatzi nuen, eta, zinegile bezala, Bernues ere barne-barnetik aritu da». Eta halakoxea izan da emaitza ere, bi lagunen adiskidetasun istoriotik abiatuta herri baten zailtasunak, gainditu beharreko atakak, minak eta ezinak zenbaitetan poetikoki eta bestetan gordinki pantailaratzen dituen filma.
«Ilusioz etorri naiz ona», baieztatu zigun Bernues zuzendariak emanaldiaren ostean. Artean filmaren gaineko iritziak jaso gabe, aretoan «sentsazio onak» izan zituen. «Etxean eta Durango den emozioen ibai honetan aurkezteak ilusioa egiten zidan, hemen filma ulertzeko gakoak baditugulako», nabarmendu zuen alderdi politikoari begiratuta, baina, oro har, filmak Euskal Herriko historia ezagutu gabe ere ulergarria den errealitatea aurkezten duela iritzi zuen: «Istorio unibertsala da, bi lagunen harremanaren gainekoa, eta nik beti pentsatu izan dut laguntasunak bizitzari bestelako dimentsio bat ematen diola».
David eta Joseba dira bi lagun horiek, arrazoi ezberdinak tarteko ETAn militatzea erabaki eta elkar ikusi gabe urteak eman ostean Josebaren gaixotasuna dela-eta berriro elkartzen direnak. Iraganean esan gabe utzitakoei aurre egiteko beharra ekarriko die horrek.
Aitor Beltranek (David) eta Iñaki Rekartek (Joseba) jokatzen dituzte paper nagusi horiek, baina antzezle taldean Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues edota Eneko Sagardoyk ere hartzen dute parte, besteren artean. «Sekulako lana egiten dute, bai beraiek eta baita lantalde osoak ere. Zinema ez da nire medio naturala, urteak neramatzan filmatu gabe eta fase guztietan egin dut topo profesional handiekin», esan zuen.
Bi ordu eta hogei minutuko zinta 90 minutura murrizteak bere lana eman duela aipatu zuen («urteak eman nitzakeen handik eta hemendik moztu eta sekuentziak lekuz aldatzen»), baina inoiz amaitutzat eman behar eta filmarekin gustura geratu dela gaineratu zuen. Baita Fernando Velazquezen musikak giroa hauspotzeko duen indarrarekin ere: «Hasieratik nuen garbi partiturak oso zehatza izan behar zuela, istorioari ondo lotu behar zitzaiola, eta Fernandorekin lana egitea ederra izan da. Argi genuen bidea, nondik eta nola josi nahi genuen istorioa, eta, bere lana ondo egiten dakien jendearekin topo egiten duzunean, errazagoa da bide hori», ziurtatu zuen.
Muntaiaren fasean gozatu egin duela ere aitortu zuen. «Hor duzu ñabardurak bilatzeko aukera, mila film posibleen artean bakarra egitekoa». Eta puzzlearen piezak inteligentziaz jartzearen garrantzian jarri zuen azpimarra. Kontatu zigun, adibidez, filmeko lehen sekuentzia (Daviden memoriak biltzen dituen liburua jasotzen du Mary Ann emazteak postontzitik) filmaren amaieran zihoala: «Urtebete beranduago gertatzen zen, baina amaiera atseginegia iruditu zitzaidan. Ezabatzeko zorian ere egon nintzen, baina filma irekitzeko balio zezakeela pentsatu genuen eta hor dago. Halako aldaera asko egin ditugu».
Aldaera horietan presente egon da zenbaitetan Patxo Telleria, filmaren gidoigilea. Lengoaia ezberdinak izan arren, zinemarako gidoia egiterako orduan antzerkirako landutako egokitzapena baliagarri izan zaiola azaldu zigun: «Tren baten materialarekin bizikleta bat egitearen parekoa izan da. Desberdintasuna da antzerkia hitzaren erreinua dela eta zinea irudiarena gehiago, nahiz eta hitzak pisua eduki istorio honetan». Literaturarekin alderatuta, zineak kontrolerako baliabide gehiago ematen dituela ere zehaztu zuen: «Zuk nobela bat irakurri dezakezu aste batean edo urte batean, zinean, mundu guztiak hasi eta bukatu egiten du eta gidoia egiten ari nintzenean nik banekien zein unetan entzungo zuen hau edo bestea, ikuslearen emozioak askoz modu eraginkorragoan kudea ditzakezu».
Hamabi minutu ahaztezin
Antzezle taldeak atzo ikusi zuen lehen aldiz “Soinujolearen semea” pantaila handian eta osorik. Bernues eta Telleriarekin hitz egiten amaitu genuenerako ia denak joanak baziren ere, Aitor Beltran topatu genuen zine-atarian. Lehen inpresiorik? «Bidaia ikaragarria egin dut», aitortu zigun. Kontakizuna bere pertsonaia, David, ospitalean dagoela Joseba (Iñaki Rekarte) eta biek duten elkarrizketak gidatzen du. «Beldur handia nion eszena horri», esan digu, eta filmean zatikatua ikusten den arren hamabi minutuko eszena bakarrean filmatu zutela kontatu zigun; zatien artean, iraganeko flashback-ak doaz. «Bi gau oso eman genituen filmatzen, etengabe, ezin genuelako emozioa moztu eta gero eszena puntu berean berrartu. Gogorra izan zen, Fernando oso zorrotza, baina erabaki ona izan zen». Eszena hori da filmaren ardatza, tentsio elementu behinena, laguntasunaren ertzak marrazten dituena.