NAIZ
BILBO

Aranburu (LAB): «Confebask da fiskalitatea eta aurrekontu politika erabakitzen dituena»

LAB sindikatuaren ustez, aurrekontu sozialagoak egiteko borondaterik ez daukalako erabaki du Lakuak 2019rako aurrekontu proiektua erretiratu eta aurtengoak luzatzea. «Ez dago aurrekonturik, beste behin ere EAJren Gobernuak bat egin duelako patronalaren interesekin», azpimarratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.  

Aurrekontuak erretiratzeko Lakuak hartu duen erabakia baloratzeko agerraldia egin du LABek Bilbon. (LAB)
Aurrekontuak erretiratzeko Lakuak hartu duen erabakia baloratzeko agerraldia egin du LABek Bilbon. (LAB)

2019rako aurrekontu proiektua erretiratu eta 2018koak luzatzeko erabakiaren inguruko balorazioa egiteko agerraldia egin dute LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko Bea Martxuetak, prekarietatean bizi diren pertsonak ondoan izan dituztela, tartean bulegoeko langileak, supermerkatuetakoak, garbiketa bezalako sektore feminizatuetan aritzen direbak eta pentsiodunak. 

Izan ere, sindikatuak nabarmendu du «ezinbestekoak» direla «behar gehien dituzten kolektiboen egoerari erantzungo dioten eta aberastasunaren bidezko banaketa helburu duten aurrekontu sozialak». 

2019rako aurrekontuetarako negoziazioaren inguruko irakurketa egiterakoan, bi ondorio nagusi jarri nahi izan ditu mahai gainean Garbiñe Aranburuk. Alde batetik, adierazi du ez dagoela aurrekonturik «ez dagoelako aurrekontu sozialagoak egiteko borondate politikorik». Ildo horretan, salatu du Lakuak ez daukala «premia handiena duten beharrizan sozialei jaramonik egiteko» eta «aberastasunaren banakaeta ekitatiboagoa lortzeko» borondate politikorik. 

Bestetik, Iñigo Urkullu buru duen Gobernuari egotzi dio «patronalak zehaztu dizkion joko-arauak onartzea nahiago» izatea. Patronalaren eledunek luzapenaren alde publikoki egin dutela gogoratu ondoren, Aranburuk esan du ez dagoela aurrekonturik «beste behin EAJren Gobernuak bat egin duelako patronalaren interesekin». 

Langile klaseak bizi duen prekarietatea areagotzen ari den testuinguru batean, errealitate horri «jaramonik ez» egitea eta, PPrekin onartutako aurrekontuak luzatuz «guztiz neoliberalak diren politika publikoen bidean jarraitzea» leporatu dio sindikatu abertzaleak Lakuari.

«Ez da diru faltagatik izan» 

Horregatik, LABen iritziz, «Confebask da fiskalitatea eta aurrekontu politika erabakitzen dituena» eta «berak zehazten du aberastasuna banatzeko politika». 

Negoziazioan «jendea benetan kezkatzen duenaren inguruan», kalitatezko enpleguaz edo pentsioez hitz egin behar izan badute ere, azkenean «milaka pertsonen bizi-baldintzak hobetzea eragotzi» dutela gaitzetsi du sindikatu abertzaleak. Gaineratu dutenez, «guzti honetako arduragabeena da ez dela diru faltagatik izan, printzipio politikoengatik baino». 

Azkenik, mobilizatzen jarraitzearen beharra nabarmendu du Garbiñe Aranburuk eta, horregatik, larunbat honetarako pentsiodunek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.