NAIZ
LEMOA

Gazte Topagune oso berezia iragarri dute Ernaik eta Aitzinak Lemoan, 2019ko apirilean

Apirilaren 19tik 22ra iragarria da, denbora falta da beraz, baina egiten ari den prestaketa ikusita Lemoakoa «inoizko Gazte Topagune bereziena eta ederrena izango dela» esan dute Ernaik eta Aitzinak. Aurkezpen bira potentea egingo da, gainera, urtarrila eta otsailean.

Ernai eta Aitzinako gazteek Lemoan aurkeztu dute Topagunea. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ernai eta Aitzinako gazteek Lemoan aurkeztu dute Topagunea. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lemoako San Inazio auzian aurkeztu dute Ernaik eta Aitzinak apirilaren 19tik 22ra ospatu behar duten Gazte Topagunea. Auzolanean ari dira prestaketa lanak egiten eta hartzen ari den itxura ikusita, ziur dira 2019koa oso berezia izango dela.

Hiru lehentasun markatu dituzte Euskal Herri osoko gazte independentistek. Batetik «Euskal Herriko askapen prozesuaren oinarriak» markatzea, bide batez «gazte borrokaren 40 urtetako ibilbidea» errepasatuz eta aldi berean «egungo erronkei» kasu egitea, «munduko beste prozesu iraultzaile batzuetatik ikaspenak ateraz». Nazioarteko ordezkaritzak gonbidatu dituzte dagoeneko, hango esperientzien berri izateko.

Gazteen sormen gaitasunari ere tarte nagusia eskeiniko zaio 2019ko Gazte Topagune honetan. Izan ere, «Euskal Herian bada gazte sortzaile andana, musikatik, poesiatik, ilustrazioetatik, balore eraldatzaileak jorratzen dituztenak... Kulturgintza estuki lotua da Euskal Herriaren eraikuntzarekin eta eremu honetan ere bulkada berriak datoz». Honen barruan ez da faltako «musika eskainza anitza eta zabala», hemengo eta hango taldeen eskutik.

Azpiegiturei dagokienez, Lemoa ez da herri handia (3.500 biztanle inguru gaur egun), baina zerbitzu asko prestatuko du antolakuntzak: lo egiteko akanpalekua, furgonetak uzteko parkina, dutxatzeko aukera... Bonoak jada salgai dira ehunka tokitan, 60 euroren truke, eta internet bidez ere har daitezke.

Honen guztiaren berri emateko aurkezpen bira moduko bat prestatu dute Ernaik eta Aitzinak, laguntzaile bereziekin eta musika emanaldiez osatua. Honela, gazte mugimenduko kide ezagun izan diren Txema Matanzas, Oier Oa, Maialen Etxeberria, Ion Telleria edota Ane Lizarralde hizlari izango dira. Eta talde hauek entzungai: Erasoz Erantzun, Governors, Anita Parker, Eskean Kristo, Mugalari, Nau, Hesian, Akort, Arkada Social...

Hauek dira bira honetan dagoeneko jarritako hitzorduetako batzuk: Gasteizen urtarrilaren 31n, Donapaleun otsailaren 2an, Bilbon otsailaren 9an, Donostian otsailaren 14an eta Iruñean egun bat beranduago.