NAIZ+

EAJrekin izandako negoziaketak, modu ulergarrian eta bideo bidez EH Bilduren eskutik

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrekontuen negoziazioetan zer gertatu den modu ulergarri batean azaltzen saiatu da EH Bildu, sarean zeresana eman dute zenbait bideokin.

Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu Gasteizko Parlamentuan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu Gasteizko Parlamentuan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Luze hitz egin da azken asteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrekontuen inguruan, bereziki EAJ eta EH Bilduren negoziaketen harira. Asteazken iluntzean bukatu zen Lakuak bere buruari ezarritako ultimatuma eta azkar atera zen, Andoni Ortuzar negoziaketan porrota EH Bilduren bizkarren jarriz.

EH Bildu ere ahalegindu da egunotan, negoziaketen atzean gertatutakoa modu ulergarri batean azaltzen eta Larraitz Ugarte eta Nerea Kortajarena protagonista dituen bi bideok lortu dute sare sozialen atentzioa.

 

Lehenenean, Goiena Telebistako mahai-inguru batean mintzo da Ugarte eta bertan pertsonen beharrak mahai gainean egon diren lehen negoziaketak izan direla defendatzen du oñatiarrak. Azken unean negoziaketak adosteko «bertigoa» egon dela iritzi dio Ugartek;«batetik, klase gorenak ezarritako presio ekonomikoagatik eta bestetik, hauteskunde atarian EH Bildurekin adostea deseroso zaiolako», nabarmendu zuen.

Eztabaidagai zegoena, 20 milioi zirela ekarri du gogora politikariak eta kopuru handia iruditzen zaienen aurrean, aurrekontu osoaren 0,16 dela nabarmendu du. «Ez da arrazoi ekonomiko bat, aurrekontuak ez dira atera EAJk nahi ez zuelako», dio argi eta garbi.

Nerea Kortajarena arbela eta boligrafoa eskutan EH Bilduren eskariak eta EAJren erantzunak aletu ditu.