Euskaltzaindiaren 100. urteurrenean, Baionako Biltzarraren ekarpenari eta garaiari begiratzen die Lapurdiko hiriburuan jada zabalik den erakusketak. Lau urte beranduago Arantzazun eginen zen bilkuraren aurrekaria izan zen, eta euskara batuaren oinarriak jarri ziren bertan.
«Cordeliers karrikan erabaki zehatz batzuk aurkeztu zituen talde-lan batek, Txillardegiren inguruan eta Euskal Idazkaritzaren eskutik. Aitzineko urteetan ere batuaren asmoa emeki-emeki zoritu zen, Baionan agertu arte», azaldu zuen Xarles Videgain euskaltzainburuordeak, Euskal Museoan abenduaren 4an egin zen erakusketaren irekieran. Gertaera horiei, eta inguruko historiari buruzko esposizioan panelak, testigantzak, irudiak eta dokumentu originalak ikusteko parada bada.
Atxikimendu berriak
Euskaltzaindiaren mendeurrena izanik eta Arantzazuko Biltzarretik mende erdia igaro dela, urrian Euskara Batuaren Adierazpena aurkeztu zion akademiak euskal gizarteari. Erakusketari hasiera emateko ekitaldian adierazpenari atxikimendu berriak gehitu zitzaizkion, Ipar Euskal Herriko eragileen partetik. Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez Jean-Rene Etchegaray, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabit, Mixel Etchebest Mauleko auzapeza, Maritxu Lopepe Euskal Irratietako lehendakaria eta Urtzi Etxeberria IKER-UMR 5478 ikerguneko zuzendariak sinatu zuten.
Bestalde, Arantzazuko ekitaldian jada sinatu zuten hainbat eragilek Ipar Euskal Herriko hitzorduan ere beren atxikimendua eman nahi izan dute: Euskal Kultur Erakundeak, zuzendari duen Pantxoa Etchegoinen eskutik, Seaskak Paxkal Indo presidentearen bitartez, eta AEK-k.