NAIZ
BAIONA

Estatuak ez du blokeatu Seaskaren 4,5 lanpostu diruztatzeko EEPk aurkeztutako egitasmoa

Erakundea osatzen duten lau entitateek –Estatua, Eskualdea, Departamentua eta Euskal Elkargoa– bozketa. Azkenean, Estatuak ez du blokeatu EEPk Ipar Euskal Herriko ikastolekin aurreratutako engaiamendua. Seaskak ontzat jo du, osorik ez bada, ikastolen garapenaren araberako lanpostu berrien sorrera ahalbidetzen duen erabakia.

Seaskaren aldeko protesta bat. (Bob EDME)
Seaskaren aldeko protesta bat. (Bob EDME)

Orain arte, Seaskak bere lanpostuen beharra finantzatzeko eskaerari ezezkoa eman izan dio Estatuak. Krisia konpontze aldera, EEPk proposamena luzatu zuen 4,5 lanpostu bere gain hartzeko. Hiru partaideen onespena ziurtatuta, Estatuak hartuko lukeen jarrera zalantzan zen.

Beñat Arrabitek, Euskal Elkargoko Euskara arduradunak oroitarazi zuenez, Estatuaren «abstenzioa»k berria zabal zezakeen. Azkenean, finantzamenduaren alde agertu zen Estatua, Kazetak jakinarazi duenez.

Hartara, EEPk bere gain hartuko du 4,5 lanpostuen diruztatzea. Horretarako, 135.000 euroko aurrekontua onartu du, Arrabitek Mediabask eta Kazeta hedabideei eginiko adierazpenen bidez baieztatu zuenez. Aurrekontua idarrean sartuko da heldu den urtean.

«Berri biziki pozgarria da, beste aro batean sartuko giralako», esan zuen Arrabitek. Seaskako presidentea, Hur Gorostiaga, bestalde, itxaropentsu azaldu zen, neurri honen ostean «egoera desblokeatzeko aukera hobeagoak direlako». Oroitarazi zuenez, federazioa prest da hurrengo ikasturteari begira Estatuarekin Ipar Euskal Herriko ikastolek dituzten beharrak aintzat hartuko dituen hitzarmen berria adosteko. Urtero-urtero ikastoletan ikasle kopurua hazten da eta garapen horren araberako baliabideak eskatzen ditu Seaskak.

2018ko ikasturte hasieran Seaskak 25 lanpostu eskatu bazituen ere, 20 postu berrirekin abiatu zuen kurtsoa. Horietarik 5,5 Estatuak diruztatu ditu eta ikastolek, berriz, bertze 14,5. «Hamar bat lanpostu ez genuen diruarekin estaltzera behartuak izan gara», salatu zuen duela aste batzuk Seaskako zuzendariak.