GARA
BAIONA

EEPk bere gain hartuko ditu Seaskaren 4,5 lanpostu

Estatuak ez du blokeatu Seaskaren 4,5 lanpostu finantzatzeko EEPk aurkeztu egitasmoa. Eta Seaskak ontzat hartu du ikastolen garapenaren araberako lanpostu berrien sorrera ahalbidetzen duen deliberoa.

Euskararen Erakunde Publikoak bere gain hartuko ditu Seaskaren 4,5 lanpostu. Asteazkenean izan zen erakundea osatzen duten lau entitateen –Estatua, Eskualdea, Departamendua eta Euskal Elkargoa– bozketa. Eta Estatuak ez zuen blokeatu lanpostu horiek finantzatzeko EEPk Iparraldeko ikastolekin aitzineraturiko engaiamendua.

Orain arte Estatuak ez zuen ontzat ematen Seaskak bere lanpostuen beharra finantzatzeko eskaera. Krisia konpontze aldera, EEPk proposamena luzatu zuen: 4,5 lanpostu bere gain hartzea. Alta, hiru partaideren onespena ziurtatu ondoren, zalantzan zen Estatuak zer jarrera hartuko zuen.

Beñat Arrabit Euskal Elkargoko Euskara arduradunak oroitarazi zuenez, Estatuaren «abstentzioak» zabal zezakeen bide berria. Finean, beste pauso bat eman zuen asteazkenean, finantzaketaren alde agertuz.

Hartara, EEPk bere gain hartuko du 4,5 lanpostuen finantzaketa. Horrendako 135.000 euroko buxeta onartu du, Arrabitek Mediabask eta Kazeta hedabideei eginiko adierazpenen bidez baieztatu zuenez. Aurrekontua heldu den urtean sartuko da indarrean. «Berri biziki pozgarria da, beste aro batean sartuko garelako», azaldu zuen Arrabitek.

Seaskako presidentea, Hur Gorostiaga, bestalde, itxaropentsu azaldu zen, neurri honen ostean «egoera desblokeatzeko aukera hobeagoak daudelako». Oroitarazi zuenez, federazioa prest da hurrengo ikasturteari begira Iparraldeko ikastolek dituzten beharrak aintzat hartuko dituen hitzarmen berria adosteko Estatuarekin. Urtero-urtero ikasleen hazkundea da ikastoletan, eta garapen horren araberako baliabideak eskatzen ditu Seaskak. 2018ko ikasturte hasieran 25 lanpostu eskatu zituen Seaskak. Azkenik, federazioak 20 postu berrirekin abiatu zuen kurtsoa. Horietarik 5,5 Estatuak diruztatu ditu eta ikastolek, berriz, bertze 14,5. «Hamar bat lanpostu ez genuen diruarekin estaltzera behartuak izan gara», salatu zuen orain aste batzuk Seaskako zuzendariak.