NAIZ
DONOSTIA

San Tomas egunean eraso sexista bat eman zela salatu du Groseko Asanblada Feministak

San Tomas egunean adingabe batek pairatutako eraso sexista dela eta elkarretaratzea deitu du Groseko Asanblada Feministak datorren asteazkenerako. Biteri plazan elkartuko dira, 19.00etan.

San Tomas egunean Groseko jai gunean eraso sexista bat gertatu zela azaldu du bertako asanblada feministak. Arratsaldean adingabe baten deia jaso zuten eta, egoeraren larritasunaz jabetuta, Ertzaintzari deitzea erabaki zuten.

«Haien jokabidea lotsagarria izan zen, beste askotan bezala; ez zegoela nahikoa froga, ez zela ezer gertatu...», salatu du Groseko Asanblada Feministak prentsa ohar batean.

Eraso sexisten aurkako protokoloa abiatu zuen era berean asanbladak. Postuei 15 minutuz zerbitzatzeari uzteko eskatu zieten, erromeriak jotzeari utzi zion, prestatuta zeukaten kuña jarri zuten eta agertokira igo ziren erasoa salatzera.

Erasotzailea auzotik botatzea erabaki zuten ondoren. Horretarako, hainbat emakume elkartu ziren. «Ez zen erraza izan, eta, gainera, kalean zegoen jendearen jarrera ez zen beti gure aldekoa izan. Oso gogorra izan zen, jarrera oso bortitzak jasan behar izan genituen, eta zaila izan zen egoera kudeatzea; zenbait oldartu egin zitzaizkigun», azaldu dute.

Arazoak arazo, baina, eskerrak eman dizkiete hasieratik euren lana babestu zutenei. Era berean, ordea, gogor salatu dute gertatutako eraso sexista. «Ez dugu onartuko horrelakorik, ez gure auzoan ez beste inon».

Horregatik guztiagatik, elkarretaratzea deitzea erabaki dute. Datorren asteazkenean egingo da protesta ekimena, 19.00etan auzo donostiarreko Biteri plazan (Katalunia plazako eleizaren parean).