@Ion_Salgado
ARRIGORRIAGA

Txibertan sortu ez zen fronte subiranista egituratzea ezinbestekotzat jo du Sortuk

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak nabarmendu du ezinbestekoa dela fronte demokratiko-subiranista zabala egituratzea, Jose Miguel Beñaran Argala oroitzeko ezker abertzaleak Arrigorriagan burututako ekitaldian. Bertan, gogoratu du argi ikusi zuela Argalak duela 40 urte «frankismoaren oinordetzarekiko haustura demokratikoaren beharra. Argi ikusi zuen ere horretarako fronte demokratiko-subiranista zabala osatzearen beharra».

Arrigorriagako plaza, jendez gainezka Argalaren oroimen ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Arrigorriagako plaza, jendez gainezka Argalaren oroimen ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

«Bada 40 urte geroago esan dezakegu belaunaldi hark bete-betean asmatu zuela analisi politiko horrekin. Esan dezakegu gaur orduan baino askoz ere gehiago garela analisi horrekin bat egiten dugunak; Euskal Herriko gizartearen gehiengoa, Kataluniako gizartearen gehiengoa, eta espainiar estatuko sektore sozial zabalak», nabarmendu du Arkaitz Rodriguezek Argalaren oroimen ekitaldian.

Gaineratu du Euskal Herriak, «benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea ezagutuko baditu», «beharrezkoa» duela 78ko erregimenarekiko haustura demokratikoa, «beharrezkoa du autodeterminazio-eskubidea, eta beharrezkoa du burujabetza».

«Orduan bezalaxe, horretarako, ezinbestekoa da fronte demokratiko-subiranista zabala egituratzea, bai Euskal Herrian, bai Estatuko gainerako herrietan; bai, bereziki, horien guztien artean. Izan ere, haustura demokratiko hori ez da Estatutik etorriko; ez dago horretarako baldintzarik. Haustura demokratiko hori etorriko da estaturik gabeko nazioetako burujabetza prozesuetatik», adierazi du.

Zentzu horretan, dei egin die «bere burua ezkertiartzat duten espainiar guztiei, gisa horretako aliantza bat babes dezaten; faxismoaren aurkako aliantza bat, demokraziaren aldekoa, herrien erabakitze-eskubbidearen aldekoa. Dei egiten diegu Euskal Herriko eta Kataluniako prozesu-subiranistekin konpromisoa har dezaten, hori baita aukera bakarra, bere kasuan eta soilik bere kasuan, Espainiako Estatua demokratizatzeko; hori baita aukera bakarra, bere kasuan eta soilik bere kasuan, Espainian ere eredu sozial eta ekonomiko bidezko bat eraikitzeko».

Argitu gabe dagoen hilketa

Halaber, Argala gerra zikinaren biktima izan zela ohartarazi du Rodriguezek. «Gaur da eguna bere hilketak argitu gabe jarraitzen duena. Gaur da eguna ez espainiar Estatuak ez berau sostengatzen duten alderdiek beren ardura beren gain hartu ez dutena; ez hilketa horrena, ez eta herri honen kontra erabili duten biolentzia guztiarena ere. Eta gaur da eguna espainiar Estatuak herri honen kontra biolentzia erabiltzen jarraitzen duena».

Salatu du EAJ, PSE eta PPren jarrera, izan ere, «sinestarazi nahi digute hemen gatazka ETArekin hasi zela, edo are hemen ez dela gatazka politikorik izan; sinestarazi nahi digute hemen biolentzia bakarra, eta biktima bakarrak, ETArenak izan direla; sinestarazi nahi digute gerra zikina, legeen bihurritzea, tortura, komunikabideen itxiera eta abar luze bat gure irudimenaren fruitu baino ez direla direla; sinestarazi nahi digute ETAko militanteak terrorista hutsak zirela...».

«Bada, argi esango dugu beste behin ere, inork zalantzarik izan ez dezan: ez dugu errelato hori sekula onartu, ez dugu errelato hori onartzen, eta ez dugu errelato hori sekula onartuko. Batetik, ez daukalako zerikusirik herri honetan egiazki gertaturikoarekin. Eta, bestetik, eta batez ere, halako errelato baten gainean ez dagoelako bake justu, egonkor eta iraunkor bat eraikitzerik».

Egoera horren aurrean, dei egiten die EAJ, PSOE eta PPri: «Utz diezaiotela garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzeari, eta onar dezatela beren biolentziaren eta eurek eragindako sufrimenduaren gaineko ardura. Ezker Abertzaleak dagoeneko egin du, ETAk berak egin zuen bezala. Utz diezagutela gure errelatoa egiten, gure memoria aldarrikatzen, gureak oroitzen… askatasunez eta bakean».