naiz
Hernani

Espainiar erregeak «herritarren eskubidea errespetatzen ez duela» adierazi du EH Bilduk

Marian Beitialarrangoitiak egin du, EH Bilduren aldetik, atzo Felipe de Borbonek igorritako mezuaren balorazioa. Bertan, «galizarrei, kataluindarrei eta euskal herritarrei gure eskubideak ukatzea helburu duen marko konstituzionala» ordezkatzen duela adierazi du.

Marian Beitialarrangoitiak espainair erregearen mezua baloratu du. (YOUTUBE)
Marian Beitialarrangoitiak espainair erregearen mezua baloratu du. (YOUTUBE)

EH Bilduko ordezkari den Marian Beitialarrangoitiak Felipe de Borbonen adierazpenak baloratu ditu gaur goizean Hernanin. «Erregeak argi utzi zuen zer ordezkatzen duen. Galizarrei, kataluindarrei eta euskal herritarrei gure eskubideak, gure erabakitze eskubidea, ukatzea helburu duen marko konstituzionala ordezkatzen du».

Era berean, gazteak, emakumeak edo pentsionistek bizi duten errealitatetik «oso urrun» agertu zela kritikatu du. «Emakumeok bigarren mailako herritar hartzen gaituen sitema kapitalista eta patriarkala ordezkatzen du» gehitu du.

Espainiar erregeak egin zuen Konstituzioaren defentsa ere ezbaian jarri du. «Elkarbizitzaz hitz egin zigun konstituzioa eskutan. Gure eskubide zibilak ukatzen dituen kosntituzioa.  Agortuta dagoen marko bati eusten dio. Marko horretan gotortuta dago. Ez dago marko hori ere betearazteko inongo borondaterik. Transferentzien kontua da horren adibide», adierazi du.

Horregatik, haustura baten beharra defendatu du Beitialarrangoitiak. «40 urte ondoren, 78an eman ez zen haustura beharrezkoa da. EH Bilduk, horren aurrean beste etorkizun bat eraikitzeko erantzunkizuna hartzen du. Elkarbizitza askatasuna, justizia soziala eta berdintasuna oinarri izango dituen beste etorkizun bat».