NAIZ
DONOSTIA

Patinete elektrikoak bidegorrietatik ibiliko dira Donostian, espaloi, parke eta oinezkoen guneetan ez

Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuak behin behineko araudia onartu du norbanako mugikortasun ibilgailu motordunak non ibili daitezkeen zehazteko. Hala, patinete elektrikoak eta antzeko ibilgailuak bizikietentzako bidegorrietan ibili ahal izango dira, baina ez espaloi, parke eta oinezkoentzako guneetan.

Pertsona bat patinete elektriko batean, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Pertsona bat patinete elektriko batean, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Azkenaldian mugikortasun-ibilgailu mota berri asko sortu dela eta, Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuak behin behineko araudia onartu du, non ibili daitezkeen zehazteko. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak oinarri orokorrak onartu bitartean, berehala sartuko da indarrean Udalarena. 

Araudi honek dakarren neurririk garrantzitsuena da norbanako mugikortasun ibilgailu motordunek (patinete elektriko, hoverboard, segway eta antzekoak) libre izango dutela bidegorrietan ibiltzea, baina ez espaloietan, Alde Zaharrean, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan.

Udalak hiru kategoriatan sailkatu ditu ibilgailuak, tamainaren eta mekanikaren arabera, eta erabilera baldintza batzuk jarri ditu bakoitzarentzat. Lehen taldean motorrik gabeko patieneteak eta monopatinak sartzen dira, bigarrenean patinete elektrikoak, hoverboard delakoak eta antzeko beste motordun ibilgailuak, eta hirugarrenean segway delakoak eta eserlekua duten beste ibilgailu elektriko batzuk.

Lehen taldeko ibilgailuei dagokienez, 12 urtetik beherakoek libre izango dute espaloietan, Alde Zaharrean, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan ibiltzea, baina pertsona nagusi baten ardurapean; oinezkoen abiadura berean joan beharko dute eta oinezkoei enbarazurik egin gabe.

Gainerako trafikotik eta oinezkoentzako guneetatik fisikoki bereizita diren bizikleta bideetan eta bidegorrietan libre izango da lehen eta bigarren taldeko ibilgailuetan ibiltzea, baita motorra duten gailuetan ere.

Oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko moduko tokiak izan arren, lehentasuna oinezkoek duten tokietan, berriz, libre izango da lehen taldeko gailuetan eta 2. taldeko ibilgailuetan ibiltzea, baldintza hauek errespetatuz gero: seinaleek agintzen dutena, lehentasuna oinezkoek izatea, orduko 10 kilometro baino mantsoago ibiltzea eta metro bat, behintzat, uztea pertsona baten ondotik pasatzekoan edo harekin gurutzatzekoan.

Lehen kategoriako patineteek ezingo dute galtzadan ibili inolaz ere. Bigarren taldeko patinete elektrikoek galtzadan joateko, berriz, eskuineko erretik joan beharko dute. Libre da eskuineko erreiaren erditik joatea.

2. kategoriako norbanako mugikortasun ibilgailuek galtzadatik beste inondik ez daukate ibiltzerik, salbu eta berariaz debekatuta daukaten kaleetan. Ezingo dute orduko 30 kilometro baino gehiagoko abiaduran ibili ezta garraio publiko eta autobusen erreietan ibiltzerik ere.

Aparkatzeko orduan ere hainbat arau bete beharko dituzte eta araudi berria onartu bitartean, ezarriko diren isunak trafiko araudi orokorrean jasota daudenak izango dira. Udalak sentsibilizazio kanpaina abiatuko du eta ibilgailu berri hauek ondo erabiltzeko praktika onen dekalogoa kaleratu du.