@mtxintxurreta
DONOSTIA

Martuteneko kartzelara martxa, espetxe politika «onartezinak» gelditzeko

Martuteneko espetxera martxa egin dute ehunka lagunek Kalera Kalera dinamikak deituta, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko eta Gobernu frantsesari eta espainiarrari espetxe politika aldatzea eskatzeko.

Martxaren bukaeran, Arkaitz Rodriguezek hartu du hitza (Jon URBE / FOKU)
Martxaren bukaeran, Arkaitz Rodriguezek hartu du hitza (Jon URBE / FOKU)

Ehunka lagunek Martuteneko espetxera martxa egin dute, ‘Bada garaia, presoak kalera!’ lelopean. Bi bloke abiatu dira goizean, 10:30ean Hernanitik eta 11:00etan Donostiako Egia auzotik, eta eguerdian bat egin dute kartzelaren parean.

Martxaren amaieran, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hitza hartu du; presoen auziari buruzko urteko balantzea egin du, lortutakoak gogoratuz baina oraindik ere «bide luzea» egiteko dagoela nabarmenduz.

Frantziako Estatuaren espetxe-politikari so egin dio lehenik, eta Ipar Euskal Herriko «interlokuzio zabalaren» eta Gobernu frantsesaren arteko lan esparrua «espainiar Gobernuaren presioen ondorioz» behin-behinean eten den arren, orain arte egindakoak «lehen fruituak» eman dituela azpimarratu du.

Bestalde, espainiar Estatuari dagokionez, ospatu du «hautsiezina zirudien hormatzar horretan arrakalak sortzen» hasiak direla, eta bide beretik, Bakearen Artisauak, Sare, Foro Soziala, Bake Bidea, presoekiko solidarioak nahiz «urte guztiotan kalera atera diren ehunka mila lagunak» zoriondu ditu.

UPN, PPko eta ETAren biktimen elkarte batzuek asteon egin dituzten adierazpenak ekarri ditu gogora Rodriguezek. Sarek Iruñean egindako ekimena (ziega bat jarri zuten, euskal presoen egoera salatzeko) «onartezina» zela esan zuten aipatu taldeetako ordezkariek. «Onartezina da nazioarteko legediaren aurkako, baita espainiar legediaren aurkako espetxe-politika baten apologia egitea. Horrek 12 hildako eragin ditu kartzeletan eta beste 16 errepideetan. Hori da onartezina», erantzun du Rodriguezek.

Berebat, salatu du espetxe politikaren aldaketak «motelegi» ari direla jorratzen Gobernu frantsesa eta espainiarra. «Frantziar gobernuari esaten diogu ez dela onargarria eskubideak arbitrarioki eman edo ukatzea», adierazi du, eta Gobernu espainiarrari esandakoa betetzeko galdegin dio: «PSOE orain sei hilabete iritsi zen Madrilgo gobernura esanez espetxe-politika berria aplikatuko zuela. Baina sei hilabete pasatu ondoren, zer egin du benetan? 16 gerturatze iragarri ditu; horietatik 10 baino ez dira gauzatu. Gerturatze guztietatik, bakar bat bera ere ez da Euskal Herrira izan».