NAIZ
GASTEIZ

Udaltzainak «aurreabisurik gabe» eta era «oldarkorrean» sartu zirela salatu du Gasteizko Gaztetxeak

Gasteizko Gazte Asanbladako kideek azaldu dute oraindik galdera ugari dauzkatela atzo gertatutakoaren inguruan, baina zabaldu den informazioa auzitan jarri dute. «Ez dugu inoiz ezagutu ‘zarata’ kontu batengatik horrelako erantzun errepresiboa ekarri duen beste kasurik», nabarmendu dute. 

Udaltzainak, Gasteizko Gaztetxearen kanpoaldean. (@KikeFdzdePinedo)
Udaltzainak, Gasteizko Gaztetxearen kanpoaldean. (@KikeFdzdePinedo)

Ohar baten bitartez, atzo, Urteberri egunez, Udaltzaingoa Gasteizko Gaztetxera sartu zenean jazo zenaren inguruan azalpenak eman ditu Gazte Asanbladak. 

Lehenik eta behin, gogoratu dute gertakari horien ondorioz «bost lagun atxilotu, hainbat identifikatu eta beste hainbat zauritu» izan zirela.

«Hedabideek kontrakoa esan duten arren, Udaltzaingoa inongo aurreabisurik gabe sartu zen gaztetxera, oso modu oldarkorrean», salatu eta gaineratu dute oraindik ez dakitela «zergatik sartu ziren hamarnaka munipa jarrera mehatxatzailearekin, inolako azalpenik eman gabe eta elkarrizketarako inongo abagunerik eman gabe». 

Gertatutakoaren atzean gehiegizko zarata egotea ere zalantzan jarri dute: «Ez dugu inoiz ezagutu ‘zarata’ kontu batengatik horrelako erantzun errepresiboa ekarri duen beste kasurik». 

Poliziaren jokabidea «herri mugimenduaren espazioen aurkako salbuespeneko jarrreran» kokatu du gazte asanbladak. 

«Haien jarrera guztiz probokatzailea izan da eta helburu bakarra honakoa izan da: gatazkatsua ez den espazio honen irudi okerra eskaintzea, gaztetxea erabiltzen eta ezagutzen duen pertsona orok badakienean ez dela horrela», esan dute. 

Udalak «bizikidetza gatazkei errepresioaren bidez erantzutea» gogor kritikatu dute, bizikidetza gaztetxearen «lehentasuna» eta «oinarrietako bat» denean: «Gaztetxeak zentzua dauka, betiere auzoarentzat zentzua baldin badu». 

Horregatik, bizikidetza «gatazka mediatikoetatik at» sustatzen jarraituko dutela argi utzi dute, «hau da, bizilagunekin eta auzoko eragileekin –eta soilik haiekin– harremanetan jarrita». 

Azkenik, jasotako babesarengatik ere esker ona adierazi dute Gazte Asanbladako kideek.