NAIZ
DONOSTIA

Donostiako Kijera gaztetxea defendatzera deitu dute berehalako huste arriskuaren aurrean

«Erresistentzia txandak» hasi dituzte Donostiako Kijera gaztetxean edozein unetan etor daitekeen husteari aurre egiteko. Ostiralerako (19.00) manifestazioa deitu dute gaztetxearen defentsan. Udalari «errepresio bideak baztertzeko» eskatu dio EH Bilduk.

Ostiraleko manifestaziorako deialdia Donostiako parte zaharrean. (@AZgaztetxea)
Ostiraleko manifestaziorako deialdia Donostiako parte zaharrean. (@AZgaztetxea)

Gaurtik aurrera Kijera gaztetxea defendatzeko deia egin du bertako asanbladak eta «erresistentzia txandak» iragarri ditu, «Kijera defendatuko dugu, gure esku dauden baliabide guztiekin, elkartasuna saretuz eta erresistentzia antolatuz».

Donostiako Udalak eraikina husteko urjentziazko prozedura administratiboa aktibatu duela jakin dute. Abenduaren 26an izan zen hori, bost lan-eguneko alegazio epea igarota azken ebazpena argitaratu eta edozein momentutan hustu dezakete Kijera gaztetxea. Horregatik, bertan eusteko deia egin dute.

Gazteen esanetan 12 urtez hutsik egon da eraikina eta «ez dago inongo proiektu sendorik eraikinerako». Hainbat eragilek aurkeztu dituzte hustearen aurkako alegazioak baina atzo agerraldi bidez adierazi zutenez ez dute espero erantzun baikorrik. «Auzoa sistematikoki turismo enpresei saltzen dien udaletxe batek, etxebizitza alternatibak ilegalki desalojatzen dituen udaletxe batek, hitz egiteari beldur dion udaletxe batek ez digu inolako bermerik ematen», salatu zuten. Horregatik diote «aukera bakarra erresistentzia» dela.

Gaztetxean garatu diren proiektuek auzoari ekarpen handia egin diotela adierazi zuten agerraldian eta aurrerantzean ere beharrezkoa dela espazio horri eustea.

Herritarrei dei egin die Kijera defendatzeko eta gaurtik bertatik «erresistentzia txandak» antolatu dituzte. Ostiralerako manifestazioa deitu dute, 19.00etan abiatuko da Plaza Berritik.

EH Bilduk Udalari: «baztertu errepresio bideak»

Donostiako Udalari elkarrizketa eskatu dio bere aldetik EH Bilduk huste asmoen berri jaso orduko. Hitz eginda egoera konpondu daitekeela uste du koalizio independentistak eta Kortxoenearen ustea gogoratuz Eneko Goia alkateari «errepresio bideak bazter uzteko eskaria» egin dio.

Donostiar gazteek alternatibak behar dituztela uste du koalizioak eta uste du hilabete hauetan «garbi geratu da Kanpandegi kaleko eremu autogestionatu honek alternatibak eskaintzen dizkiola gazteriari eta auzoari oro har».