NAIZ
GASTEIZ

Espetxeratu egin dute Gasteizko Gaztetxean udaltzainek atxilotuetako bat

«Agintaritzaren aurka atentatu egitea» egotzita aurrez bere aurka zegoen atxilotze agindu bat tarteko Zaballako kartzelan sartu dute urteberri goizean Gasteizko Gaztetxean atxilotu zutenetako bat, Hala Bedik jakinarazi duenez. 

Agentes en el exterior del Gaztetxe de Gasteiz. (@KikeFdzdePinedo)
Agentes en el exterior del Gaztetxe de Gasteiz. (@KikeFdzdePinedo)

Gasteizko Gaztetxean urteberri egunez Udaltzaingoak izandako esku hartzearen ondoren bost atxilotuetako bat espetxeratu egin du epaileak. Hala Bedik jakinarazi duenez, bere aurkako atxilotze agindua zegoen aurrez, beste kasu batean «agintaritzaren aurka atentatu egitea» egotzita. 

Guztira bost izan ziren udaltzainek atxilotutakoak eta lau aske utzi zituzten urtarrilaren 1ean bertan. 

«Ordutegia ez betetzea» eta «gehiegizko zarata» argudiatuta sartu zen Udaltzaingoa urteberri eguneko goizean Gasteizko Gaztetxean. Gazte Asanbladatik salatu dute «aurreabisurik gabe» eta era «oldarkorrean» sartu zirela poliziak.  «Haien jarrera guztiz probokatzailea izan da eta helburu bakarra honakoa izan da: gatazkatsua ez den espazio honen irudi okerra eskaintzea, gaztetxea erabiltzen eta ezagutzen duen pertsona orok badakienean ez dela horrela», esan dute.

Gasteizko Udalak poliziaren esku hartzea defendatu zuen, «egin behar zuena» egin zuela poliziak adierazi zuen Peio Lopez de Munain alkateordeak.