Asier ROBLES
Elkarrizketa
Gaizka Suarez
Eragineko kidea

Gaizka Suarez: «Ezin gara konformatu gure gurasoak baino txarrago biziko garen lehen belaunaldia izatera»

Oihartzun handia izan du Eraginek, Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladak, duela aste batzuk apustu etxeen kontra martxan jarritako kanpainak. Baina talde honek hiru urte daramatza gazte prekarietatea sustatzen dituzten egoerak salatzen. Gaizka Suarezek, Eragineko kideak, ekimen honen nondik norakoak azaldu dizkigu elkarrizketa honetan.

Gaizka Suarez, Eragineko kidea. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Gaizka Suarez, Eragineko kidea. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Nola eta zergatik sortu zen Eragin?

Duela hiru urte hasi ginen honi forma ematen, horrelako espaziorik ez zegoela ikusi genuelako. Gazteak, gazte asanbladak, autogestio dinamikak edo feminismoa borroka esparru bezala identifikatzen ditugu, baina sozio-ekonomiarekin erronka bat daukagu, ez dugu ikusten gure langunea borroka espazioa bezala.

Bestalde, ofentsiba neoliberal bat zetorrela ikusi genuen. Bilbo jarduera ekonomiko industriala izatetik, soilik hirugarren sektoreko hiri bat bilakatzen hasi zen eta kapital basatiak bere eskuak sartzen ari zirela ikusi genuen multinazional eta frankizia askoren irekierarekin.

Oso prozesu zaila izan zen, gauza berria zelako, baina forma ematea lortu genuen.

Zein helburuekin sortu zen?

Bereziki, antolatu ezin diren gazteei borroka tresna bat eskaintzeko. Hasieran Eragin definitzea kostatu zitzaigun, baina orain badauzkagu hiru helburu nagusi:

-Prekarietatea eta esplotazioaren salaketa egitea kontzientziazio parametroetatik, nolabait, klase kontzientzia sortzeko.

-Zailtasun pila bat ematen diren sektoreetan baliabide bat ematea langileei. Hala nola, sindikaturik ez dauden sektoreetan edo gazte asko daudenetan.

-Bilboko hiri ereduaren atzean dagoen errealitatea salatzea, non gazteria guztiz prekarizatuta dagoen.

Bestalde, mobilizazio ziklo batetik gatoz, non pentsionistek eta mugimendu feministak mobilizazio potenteak egin dituzten, eta guk ikusten dugu badela garaia gazteok berdina egiteko eta gainontzeko langile klaseko sektore horiekin batuta, gure espazioan borroka potentea pizteko.

Zein lan sektoreetan nabaritzen duzue prekarietate gehien?

Eraginek pare bat sektoreetan ditu borrokak irekita. Bere garaian, autonomo faltsuen fenomenoa salatu genuen, orokorrean produktuen banaketa sektorean identifikatu genuen, Glovo edo Delivero bezalako enpresekin. Sektore honetan kriston prekarietatea sustatzen da, egoera lotsagarriak daude erregularizatua ez dagoen sektorea delako.

Bestalde, azken aldian, ostalaritzan zentratu gara, eta horko langileak antolatzen saiatzen ari gara.

Baina beste hainbat daude: Akademietako langileak, frankizietako langileak, ekitaldi handietako langileak, eta unibertsitate praktikak ere ikusi beharko lirateke.

Apustu etxeen kontrako kanpaina oihartzun handia izaten ari da. Zein da zuen helburua lanketa honekin? Zergatik orain?

Uste dugu arrakasta hori badatorrela azken aldian gehiegikeria bat zegoelako gai horretan, eta hain zuzen ere, gehiegikeria horretatik abiatuta ekin genion dinamika honi.

Apustu etxeek, bereziki kirol apustuei lotutakoak, inbertsio handia egin dute publizitatean, eta horrek normalizazio bat ekarri du. Gaur egun, hiru gaztetik batek apustuak egiten ditu. Hori arazo bat zela ikusi genuen, guk apustua alienazio sistema bezala ikusten dugulako, frustrazio egoeratik saihesbide antzekoa. Bestetik, esperantza faltsu bat sortzen duelako, dirua irabazi ahal dugula pentsatuta, eta azkenik, apustu etxeak diru mordoa irabazten ari direlako gure kontura.

Hego Euskal Herrian, azken bost urteetan apustu-etxeek %150eko gorakada izan dute. Ikusi genuen frenoa jarri behar zitzaiola eta momentu aproposa zela. Are gehiago Bilboko langile auzoetan gero eta apustu etxe gehiago zabaltzen ari zirela jakinda.

Neurri zehatzen bat proposatzen ari zarete?

Guk argi utzi nahi dugu apustu etxeekin bukatu nahi dugula. Era moderatuan jokatu ahal delakoaren filosofia ez dugu konpartitzen. Baina kontziente gara horrek prozesu luzea eskatzen duela eta progresiboki horrekin bukatze aldera, hasteko, hiru ildo zehatzetan horren aurka joatea erabaki dugu. Ildo horiekin mozio bat prestatzen ari gara Udaletxean aurkezteko. Hauek dira hiru puntu horiek:

-Espazio publikoetan eta partaidetza publikoa duten lekuetan apustu etxeetako publizitatea debekatzea, adibidez San Mamesen edo bestelako kirol instalazioetan.

-Jokoa adingabeetatik guztiz aldentzea. Horretarako, gure proposamenetako bat, hezigune inguruan perimetro bat ezartzea da, non ezin diren apustu etxeak egon.

-Kontzientziazio kanpaina egitea, hau da, ludopatia gaixotasun bat bezala tratatzea. Azken aldi honetan normalizazio bat eman delako jokoaren inguruan. Adibidez, kontzientziazio programak egiten eskoletan edo udaletxetik kanpaina publikoak egiten.

Nola eragiten du Bilboko gaur egungo hiri ereduak gazte prekarietatean?

Hiri eredu honek, esplotazioa eta prekarietatea ugaltzen den habitat antzeko bat sortzen du. Hain zuzen ere, azken hamarkadetako hiri ereduak, Guggenheim efektutik datorrena. Orain ikusten ari gara zelako askatasuna duten kanpoko enpresa eta frankizia handiek hemen bere dendak irekitzeko, badakigu nola funtzionatzen duten enpresa horiek, eta lan duin bat sortzea saihesten dute. Gazteriak duen alternatiba ezaz baliatzen dira lan prekario bat eskaintzeko. Gainera, turismoa eta ekitaldi handien inguruan sortzen diren lanpostuek badaukate ezaugarri gehigarri bat: partzialtasuna. Denboraldika funtzionatzen duen sektorea da, eta horrek ez du egonkortasunik sortzen gure bizitza aurrera eramateko.

Bestalde, atomizazioa ere aipatu beharra dago. Lehen langune espazio handiak zeuden, langile askorekin, non arazo baten aurrean antolatzeko gaitasuna zuten. Gaur egun, hiri eredu honetan, langile gutxi dituzten languneak daude, eta horrek, nolabait, gazteok gure eskubideen alde antolatzeko dugun gaitasuna apurtzen du.

Salaketa kanpainetaz aparte, zer gehiago egiten duzue?

Bai, horretaz aparte, gazteek gu antolatzeko espazio bezala identifikatzea nahi dugu. Aipatutako sektoreetan gazteak batzea eta bere lan eskubideen alde lan egiteko antolatzen hastea. Bestalde, proposamenak egitea hainbat esparrutan, adibidez lehen aipatutako apustu etxeen inguruko mozioa.

Helburua izango litzateke antolatzeko gaitasunik ez daukan edozein gazte gurekin harremanetan jartzea.

Bilboko Udalak edo instituzioren bat zuekin jarri da kontaktuan?

Ez, oraindik ez, baina gu instituzioengana joango gara. Guk, borrokarako hainbat esparru identifikatu ditugu: kontzientziazio kanpaina; salaketa kanpaina; gazteria antolatzea; eta instituzioei bultzatzea gure egoera hobetzeko neurriak hartzera.

Sindikatuekin, berriz, guztiekin izan dugu harremana.

Beste kanpaina konkreturen bat duzue buruan?

Ostalaritzako langileen inguruko dinamikan lan egin dugu azken aldian, laster aurkeztuko dugu, eta borroka potente bat izatea nahi dugu.

Gero, gazte guztiak antolatzeko edo mobilizatzeko nahian, ‘Borrokak merezi du, no es lo que hay’ kanpaina jarri genuen martxan azaroan eta horri indarra eman nahi diogu hemendik aurrera.

Zeozer gehitu nahi duzu?

Animatzea gazteak gu ezagutzera, eta gonbidatzea borrokatzera. Ezin gara konformatu gure gurasoak baino txarrago biziko garen lehen belaunaldia izatera, hau ez da dagoena, borrokatu behar dugu, horretarako espazioak badaudela.