NAIZ
IRUÑEA

Martzillan lan istripuz zendu zen gaztearen heriotza salatu dute Huerta de Peraltako grebalariek

Greba mugagabearen 23. eguna duten Huerta de Peraltako langileek errepidea moztu dute, atzo Martzillan gertatu zen lan istripu hilgarria salatzeko.

Huerta de Peraltako grebalariak, errepidea mozten. (LAB)
Huerta de Peraltako grebalariak, errepidea mozten. (LAB)

Martzillako Exkal enpresan lan istripuz zendu zen 25 urteko larragarra gogoan hartu dute greba mugagabean dauden Huerta de Peraltako langileek. 

Grebaren 23. egunean, behargin gaztearen heriotza salatzeko errepide mozketa bat egin dute Azkoiengo enpresaren atarian. 

Hala, bizi duten gatazkari lotutako aldarriei lan istripuen aurkako erreibindikazioak batu zaizkie gaur.

Minutuko isilunea Nafarroako Parlamentuan

Nafarroako Parlamentuan ere, ostegun honetan egiten ari diren osoko bilkura hasi aurretik, gaztearen omenezko minutuko isilunea egin dute.

Gai ordenaren lehen puntua eztabaidatzen hasi aurretik, Parlamentuko lehendakariordeak, Unai Hualdek, iragarri du lan istripu hilgarria salatzeko keinu hori izango zutela, «tamalez ohikoa izaten ari den bezala».

Hildako gaztea, J.F.R., Rotten XIII taldeko baxu-jotzailea zen eta argiketari gisa lan egiten zuen Martzillako Exkal enpresan.