NAIZ

EH Bilduren ustez «zalantza handiak daude» Zorrotzako trenaren lurperatzearen inguruan

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «zalantza handiak daude oraindik argitzeke» Zorrotzako trenaren lurperatzea «bermatzeko», nahiz eta asteazkenen Espainiar Gobernuak eta Bilboko Udalak protokoloa sinatu zuten.

Asteazkenean Jose Luis Abalosek, Estatu espainiarreko Sustapen ministroak, eta Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Zorrotzako trena lurperatzeko hitzarmen bat sinatu zuten Madrilen izandako bileran. Baina hala ere, EH Bilduk lurperatze hori bermatzeko, oraindik «zalantza handiak» daudela uste du.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, Zorrotzako auzokideek «garatu eta onartutako proiektua» errespetatua izatea exijitu die instituzioei: «Goitik behera erredaktatuta dago auzokideen proiektua, xehetasun eta zehaztasun guztiekin, eta beste proiektuekin alderatuta, era egokiagoan erantzuten zien auzoko mugikortasun eta irisgarritasun arazoei».

Hortaz, eta protokoloaren inguruko «ñabardura gehiagoren esperoan», trenbideetaz gain Zorrotzako geltokia ere estaltzea espero duela adierazi du EH Bilduk, «auzokideek horrela eskatu zutelako argi eta garbi haiek prestatutako eta onartutako proiektuan».

Bestalde, Zubizarretak trenaren lurperatze bide horretan Zorrotzako auzokideek hamarkadetan mantendu duten «borroka nekaezina» gogorarazi du: «Zorrotzarrek erakutsitako adore eta kemenak lortu dute Madrileko exekutiboak eta Bilboko Udal Gobernuak proiektua martxan jartzeko beharra sentitzea. Haiei esker lortu da proiektua martxan jartzea, ez inoren opariei esker».