NAIZ

Gaixotasun larriak dituzten 21 preso daudela ohartarazi dute Bagoaz eta Etxeratek

Oier Gomez larriki gaixo zegoen preso ohia zendu den honetan, gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten 21 preso daudela ohartarazi dute Bagoaz eta Etxeratek.

Gaur goizaldean zendu da Oier Gomez preso ohi gasteiztarra pairatzen zuen gaixotasun larri eta sendaezinaren ondorioz. Horren aurrean, larriki gaixo dauden 21 preso daudela ohartarazi dute Bagoaz eta Etxeratek.

Bagoazek nabarmendu duenez, gaixotasunaren «azken hatseraino» borrokatu du Gomezek. Gogoratu du preso zela DPS estatusa zuela eta, ondorioz, nahiz eta ospitalean egon segurtasun handiko neurriekin izaten zutela beti, «bere egoera okertu ahala arindu zizkioten arte. Beraz –jarraitu du–, nekez banandu daitezke Oierren eritasuna, heriotza eta kartzela».

Gaineratu du, Oier askatzeko buru ziren mobilizazioen ildotik, beharrezkoa dela mobilizazioa eta salaketa hura bezala gaixo dauden presoak askatzeko. Bereziki, frantses estatua interpelatu du Bagoazek larriki eri den Ibon Fernandez Iradi aska dezala eskatzeko.

Mobilizazio horren erakusgarri da Gomezek askatasuna berreskuratu aurretik Cecile Duflot frantziar ministro ohi ekologista eta Sylvianne Alaux Donibane Lohizuneko diputatuaren bisita jaso izana espetxean. Izan ere, gasteiztarraren askatasunaren alde Bagoazen garatu zuen kanpaina zabal eta anitz baten ondorioa izan zen bisita.

Etxeratek, bere aldetik, gaineratu du larriki gaixo diren presoek behar dituzten zaintza duinak ez direla espetxeetan errespetatzen, nabarmenduz «ezinezkoa» dutela euren gertukoekin harremana mantentzea eta laguntza jasotzea, «urrunketak zailtzen duelako guztiz». Zentzu horretan, uste du «ezinbestekoa» dela aske egotea «euren osasun eskubidea errespetatua izan dadin».

«Bakea eta konponbidearen bidean, ezinbestekoa da gaixorik dauden presoen askatasuna. Etxean egon behar dute inolako baldintzarik gabe, behar dituzten tratamenduak modu duinean jaso ahal izateko», azpimarratu du. «Bada garaia hau behingoz desblokeatzeko».

Bagoazek zein Etxeratek doluminak helarazi dizkiete Oier Gomezen senide eta lagunei.