Maider IANTZI

«Hamaika amaren seme (alaba)» da Eusko Ikaskuntza, baita gu ere

1918an, dena egiteko zegoenean, pizkundea gertatu zen, baina 1936ko tragediak zapuztu zuen. 40 urteko tunela, amaieran argia, eta orain, 40 urte geroago, bete dira itxaropenak? Antzezlan batean bildu dute Euskal Herriaren (eta Eusko Ikaskuntzaren) historia anitza.

Eusko Ikaskuntzak (EI) mende bat dauka jada, eta leial eutsi dio kulturarekin eta jendartearekin duen hasierako konpromisoari. Antzerkia izan da sorreratik lehenetsi duen jardueretako bat: alde batetik, gazteen artean artea sustatzeko; bestetik, euskara lantzeko.

Efemeridea ospatzeko, erakundearen historia kontatzen duen antzezlan bat egiteko eskatu zion Josemari Velez de Mendizabali. Antzerkigile honek barrenetik ezagutzen du EI; erakundearen zuzendari kudeatzailea eta fundazioen sortzaileetako bat izana da, besteak beste. Eta estu lotuak ikusten ditu EIren eta Euskal Herriaren historiak. Ez du bata bestea gabe ulertzen. Horregatik, bien mende bateko ibilbidea idatzi du, trazu handiz, 65 minutuko obra batean.

“Hamaika amaren seme (alaba)” izenburuak aniztasuna islatzen du. Eusko Ikaskuntza askotariko lagunek sortu zuten: «Batzuk karlistak ziren, besteak monarkikoak, besteak abertzaleak, sozialistak… Baina denek bultzatu zuten egitura kultural, sozial eta ekonomiko bat». Egileak dioenez, Euskal Herrian gauza bera gertatzen da. Hainbat ezberdintasun politiko dago, hauteskundeen atari honetan inoiz baino gehiago. “Hamaika amaren seme” Lourdes Iriondok abesten zuen kantu karlistarekin egin du jokoa. Zentzu ezberdina zuen: gerran hamaika amaren seme hilko zirela zioen. Horri buelta eman, eta hamaika ama ezberdinen izaki gisa aurkezten du EI. «Aniztasuna maite dut eta hori eman nahi izan diot obrari». Hiru protagonista nagusi daude, EIren rola betetzen dutenak. Erakundean biltzen diren pentsaera ezberdinak transmititzen dituzte.

Vene Herrero da zuzendari artistikoa. Lehenago ere elkarrekin lan eginak dira eta harreman hurbila dute. Antzezleak, Arrasateko Doke antzerki taldekoak dira. Antzezlanean 15 pertsona dira, Arrasate eta Aramaiokoak, eta horietatik 10 hagitz gazteak dira, 18-25 urte bitartekoak. «Ilusio handia egiten digu haiekin lan egiteak, baina zailtasun handia dauka gazte horiek ikasten edo lanean ari direlako eta eurekin kontatzea ez delako erraza. Obrarekin daramatzagun bi urteetan ez ginen denok hamar aldiz elkartuko», aitortu du Velez de Mendizabalek.

Musikak leku garrantzitsua du antzezlanean. «Abesbatza sortzea erabaki genuen, eta Aramaioko talde batera jo genuen, aipatutako gazteok osatzen duten taldera. Abesbatza bezala hasi ziren baina aurrera joan garen neurrian bestelako lan bat ere egin zezaketela eta dramaturgian sar zitezkeela ikusi du zuzendariak, protagonismo gehiago hartuz. Horietako batek pianoa jotzen du zuzenean agertokian». Sabin Salaberrik egin eta egokitu du musika. Euskal kantutegiko melodiak txertatu ditu, garaian garaiko musika esanguratsua, ikuslea mugarri identifikagarrietara eramateko.

Eszenografia, aldiz, Iñigo Arregi arrasatearrarena da: eskultura bat egin du agertokian. «Musika, argia, eszenografia… Horrek guztiak plastizidade ikaragarria ematen dio obrari, oso erakargarria, atsegina eta hunkigarria. Bada negar egin duenik, antzezleak tartean», adierazi du egileak.

Bilbo, Donostia eta Gasteizen aukera

Bada jendea obra ikusi eta garbi erran diena: «Ez dut piperrik ere ulertu». Beste batzuek, ordea, zoriondu egin dituzte: «Bete-betean asmatu duzue». Oñatin egin zuten estreinaldia, bi emanaldirekin, joan den azaroan, eta gero Arrasate, Aramaio eta Iruñean izan dira. Orokorrean, harrera «oso ona» izan da. «Orain arte gure publiko ezagunarekin ibili gara eta jende ugari joan da. Noski, Bilbon daukagun hitzorduari begira gauzak ez dira berdinak izango. Baditugu tximeletak sabelean, eta dena emango dugu». Gaur bertan (19.30ean) dute Bilboko emanaldia, Arriaga antzokian. Otsailaren 2an Donostiako Antzoki Zaharrean izanen dira (gonbidapenak Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan jaso daitezke) eta 16an, Gasteizko Felix Petiten (gonbidapenak gizarte etxeetan, euskaltegietan eta erdialdeko taberna ugaritan). Hiru emanaldiak ordu berean dira. «Ziur gaude ikusleari gustatuko zaiola», erranez denak animatu ditu egileak.

«Nik ideia bat izan dezaket Euskal Herriaren edo EIren historiari buruz, baina zuk beste bat izango duzu. Orduan, antzezlan honen ekarpena ez da hori bakarrik, baizik eta gertatu dena ikuslearen burura ekartzea. Denok bizi izan dugu historia hau. Guk gure gurasoak ditugu, eta eurek eurenak dituzte. Horiek XIX. mendea edo behintzat XX.aren hasiera ukitzen dute. Eta bizi izan zituzten EIren sorrerako momentuak. Ez dago hain urruti. Eta etxe guztietan bizi izan dugu. Ez era berean, baina badira antzekotasunak. Antzezlana bakoitzak nahi duen moduan interpretatuko du», agertu du.

Aukeratutako mugarriak honakoak dira: 1918, EIren sorrera, Euskal Herrian halako egitura baten beharra pil-pilean zegoenean. Emakume eta gizon horiek sekulako lana egin zuten eraikitzeko. 1918-1936, Euskal Pizkundea, ekonomikoki, kulturalki, hezkuntzan. 36an, etena eta 40 urteko tunela eta erbesteratzea, «ez kanpora bakarrik, barnean ere bai, psikologikoki eta animikoki, aukera eta gogoa galtzea». Momentu tragikoak, gerrakoak, erbestekoak eta gerraondokoak. Gero, esperantza. Eta orain, 40 urte pasata, itxaropen haiek bete ditugun zalantza. «Bada etsipen bat. Eszeptizismo puntu bat». Baina, eskerrak, baita ilusioa ere.