naiz
Gasteiz

Oier Gomezen heriotza salatu eta gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko deia egin du Sarek

Oier Gomez euskal preso politiko ohiaren heriotzaren ostean, Sarek manifestazioa deitu du larunbaterako Gasteizen. «Heriotz hau azkena izan dadin» eta gaixo dauden euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko deia egin dute. Beste herri eta hiri desberdinetan ere deitu dituzte mobilizazioak.

Oier Gomezen heriotza salatzeko deia egin du Sarek. (Endika PORTILLO / FOKU)
Oier Gomezen heriotza salatzeko deia egin du Sarek. (Endika PORTILLO / FOKU)

Iragan asteburuan zendu zen Oier Gomez euskal preso politiko ohia, gaixotasun luze baten ondotik. Sarek Gasteizen egin duen prentsaurrekoan, «heriotz hau azkena izatea» eskatu du eta larunbat honetan arabar hiriburuan egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin dio gizarteari. Era berean, gaixo dauden euskal preso politikoen «berehalako askatasuna» eskatu dute.

Gomezi Hodgkinen linfoma diagnostikatu zioten 2012an, espetxean zela, eta etxetik ehunka kilometrotara egin behar izan zion aurre denbora luzean zehar. 2017ko urtarrilean egoerak atzera bueltarik ez zuela jakinarazi zioten medikuek eta apirilean utzi zuten aske.

«Espetxean eman zuen denbora heriotz zigor bat izan zen», adierazi dute. «Gaixotasun hau pairatu duen edonork badaki zeinen garrantzitsua den zaintza eta baldintza onetan aurre egitea, senide eta lagunen babes eta gertutasunarekin», gehitu dute. Zentzu horretan, gaixo dauden presoek «zaintza egokiak jasotzeko duten eskubidea» nabarmendu dute.

Ez da Gasteizkoa izango larunbateko mobilizazio bakarra. Besteak beste, larunbatean Donostian, 12:00etan, elkarretaratzea deitu dute Alderdi Ederren eta 13:00etan, Galdakaon, manifestazioa udaletxetik.