NAIZ
GASTEIZ

Txokolatea eta madalenak, Martxoaren 3ari lotutako oroitzapenak biltzeko

Memoria Gara ekimenak antolatuta, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko ekitaldia egingo dute larunbatean Gasteizen. Txokolatea eta madalenak banatuko dituzte gertatuakoari buruzko oroitzapenak partekatzera animatzen dituztenen artean. Gasteizko hamabost idazle ezagunek ere hartuko dute parte.  

Juan Ibarrondo idazlea, Amparo Lasheras idazle eta kazetaria eta Andoni Txasko, Martxoak 3 plataformako eleduna, ekimenaren aurkezpenean.
Juan Ibarrondo idazlea, Amparo Lasheras idazle eta kazetaria eta Andoni Txasko, Martxoak 3 plataformako eleduna, ekimenaren aurkezpenean.

Larunbatean, hilak 9, ‘Denbora galduaren bila, txokolatea eta madalena bat, oroitzapen baten truke’ ekimena egingo da Gasteizen, Memoria Gara taldeak antolatuta. 

Marcel Proust idazlearen eleberri ospetsuan oinarritutako ekimen honek 1976ko martxoaren 3a eta bere testuinguruaren inguruko oroitzapenak astintzeko helburua dauka. 

Hitzordua San Frantzisko elizatik gertu izango da, Zaramaga auzoko Memoria Gunean (Fermin Lasuen, 5), larunbatean, eguerdiko 12.00etan. 

Gasteizko idazle ezagunak hartuko dute parte eta haiekin batera oroitzapenak partekatzeko gogoa duen orok izango du tokia. Ekimenak irauten duen bitarteam kamera batekin grabatuko dituzte kontatzen diren oroitzapen guztiak. 

Antolatzaileek iragarri dutenez, 15 idazlek baieztatu dute ekimenean parte hartuko dutela, haien artean Toti Martinez de Lezea, Karmele Jaio, Patxi Zubizarreta, Antonio Altarriba eta Joxean Sagastizabal. 

Memoria Gara iniziatiba San Frantzisko tenpluak sarraskiaren biktimen memoriari lotutako proiektu bat har dezan lanean ari da. 

Bide horretan, hainbat bilera egin dituzte Gasteizko Gotzaindegiarekin, Arabako hiriburuko alkate Gorka Urtaran eta udal taldeekin. Datozen egunotan Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin eta Lakuako ordezkariarekin ere bilduko dira. Orain arteko batzarrez «oso balorazio ona» egin du ekimenak. Izan ere, «oho har, guztiek konpartizen dute gunearen garrantzia, proiektuaren dimentsioa eta egungo San Frantzisko elizaren etorkizuneko erabilerari soluzio bat bilatu behar zaiola».