Ion T. BARRENA

Izan ala egin, horra hor auzia

Garena ala egiten duguna epaitzen dute auzitegiek? Epailea Pla eta Sorzabal direna, edo 2018ko maiatza arte zirena, epaitzeko frogak zerrendatzen hasi zenean argi erantzun zioten biek: baietz, ETAko militanteak zirela, topatu zieten pistolak eurenak zirela, dokumentazio faltsua klandestinitatean zaudenean baliatzen duzun elementuetako bat dela... Beraz, izan ETAko militanteak zirela frogatzeko lana aurreztu zioten epaitegiari.

Egin zuten horretan, ordea, euren jardueran, nekez aurki dezake deliturik. Plak esan zuen paradoxikoa zela eurekin biltzeagatik Ramuntxo Sagarzazu auzipetzea, haren moduan beste dozenaka pertsonarekin izan baitzituzten harremanak. Auzitegi honek berak ebatzi zuen Sagarzazu eta laugarren atxilotua, Pantxo Flores, Baigorriko etxearen jabea, auzitik kanpo uztea, «ETArekin konponbideaz hitz egitea ez baita delitu».

Pentsa zitekeen, beraz, Pla eta Sorzabalen jardunean deliturik ez zuela antzemango auzitegiak. Bestela, 2012an ETAren gutunari erantzun zion Frantziako Gobernuaren ordezkariak ere zeresana izan dezake, edo Espainiak Pla eta Sorzabalekin biltzera bidali zuen bitartekariak.

Baina galdetu galdetu dute jardun horretaz, galdetu diete epaileek norekin bildu ziren, zenbatekoa zen ETAren ordezkaritza, zer aldatu zen publiko egin gabeko 2010eko su etenaren ostean, atxilotu ostean ere zergatik jarraitu zuten konponbiderako ordezkari gisa, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin zer konpromiso hartu zituzten... eta entzun dute epaileek estatuek euren interlokuzioa onartu eta aitortu zutela.

Zigorra ezagututa poza nagusitu zen bertan ziren senide eta lagunen artean. Zigorra ona delako ez, espero zitekeen emaitzarik onena zelako, baizik.

«Egia judizialaren eta egia politikoaren arteko oreka» galdegin zien epaileei Xantiana Cachenaut abokatuak, ezin baita berdin epaitu izate bat horri loturiko ekitea horrenbeste aldatu denean.

Ebazpenaren idatzia publiko egitean jakingo dugu zer tarte hartu duen testuinguruak azken erabakian; izan ala egin, zera bera izan arren gauza bat edo kontrakoa eginda emaitza ezin dela berbera izan ulertzen hasi ote diren Paris eta Madril.